COVID-19 birusaren zabaltzea geldiarazteko Eudeletik eta gainontzeko erakundeetatik iritsi zaizkien gomendioak jarraitzen ari dira Zestoan ere. Momentuz beste neurri “drastikorik” hartu beharrik ez dutela izan baieztatu dio Mikel Arregi alkateak Urola Kostako Hitzari. Erakundeek emandako aginduetako bat da jubilatuen elkarteak ixtea, baina une hauetan, Zestoakoa esleipen prozesuan dago, beraz, horren inguruan ere ez dute erabakirik hartu beharrik izan. Astean behin jubilatu talde batek han egin ohi zuen jarduera, ordea, bertan behera uzteko erabakia hartu du udalak. Aldiz, elkarteko administrazioko langileek normaltasunez jarraituko dute lanean.
HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren inguruan antolatuta zituzten jardunaldiak bai, horiek bertan behera lagatzea erabaki du Zestoako Udalak. Berez, gaur ziren egitekoak Arroabean eta martxoaren 24an ziren egitekoak Zestoan, baina ez dituzte egingo. Erabakia “kanpoko faktoreengatik” hartu behar izan dutela zehaztu du Arregik. “Zestoan HAPO zuzentzen ari diren bi teknikariak Euskal Herri guztian barrena lan horretan ari dira eta koronabirusaren foku guneetan ibili dira. Horregatik erabaki dugu bi saioak bertan behera uztea”.
San Juan adinekoen egoitzan ere Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak jarraitzen ari direla ziurtatu du Arregik. Gisasola egoitzan, aldiz, kontrol “zorrotzagoak” egiten ari dira. Lehengo astelehenetik hasi ziren horretan eta atzoz geroztik egoitza “guztiz itxita” dutela ziurtatu dio hango erizain batek Urola Kostako Hitzari. “Egoiliarren familiako kideek aurrez gurekin adostu behar dute hitzordua, eta guk baimentzen ditugu bisitak, senideak pilatu ez daitezen”. Neurri “bereziak” hartu behar izan dituztela dio, egoitzaren tamainaregatik. “Hau egoitza oso-oso txikia da eta atetik sartu bezain pronto egoiliarrekin egiten duzu topo. Beraz, ateak erabat itxita ditugu eta baimendu gabeko inork ezin du sartu”.
Baimendutako bisitariei ere tenperatura hartzen diete sarreran eta 37,5etik gora dutenei ez diete sartzen uzten. Lehenengo esku garbiketa egoitzako langileen aurrean egin behar izaten dute, gainera. Komertzialek eta hornitzaileek debekatuta dute egoitzara sartzea. “Merkantzia guztia kanpoko gune batean lagatzen dute eta guk sartzen dugu barrura”. Ez dute baztetzen datozen ordu edo egunetan egoitza guztiz itxi behar izatea ere.
Enpresetan ere hasi dira koronabirusa hedatzea saihesteko neurriak hartzen. Forjas Iraeta da Zestoako enpresa handienetakoa eta han, esaterako, "bilerak, bisitak eta bidaiak" mugatu dituztela jakinarazi dio giza baliabiden saileko arduradunak Urola Kostako Hitzari. Garbitasun neurri zorrotzagoak hartzeko aholkuak eman dizkiete langileei eta eskuak garbitzeko produktuak eta papera jarri dituzte haien eskura. Kanpoko jendearekin harremana duten langileei, berriz, maskarillak eman dizkiete.
Eusko Jaurlaritzak eskolak ixtea erabaki ostean, eskola kiroleko jarduera guztiak ere bertan behera gelditzen direla jakinarazi du Zestoako Udalak.
Martxoaren 19an jokatzekoa zen Zestoako 42. Herri Lasterketa, baina Zestoako Atletismo Taldeak jakinarazi duenez, ez dute egingo egun horretan. Une honetan, data berria zein izan daitekeen aztertzen ari da atletismo taldea; eguna zehazten dutenean emango dute horren berri. Gainera, dagoeneko izena emanda daudenei jakinaraziko diete zer aukera izango dituzten. "Barkamena" eskatu du taldeak erabakiak sor ditzakeen eragozpenak tarteko.