Adiel Zabala zestoarrak irabazi du aurtengo karnabaletan Azpeitian egindako Sokamuturra argazki lehiaketa. Atzo, astelehena, erabaki zuen Juan Joxe Agirrek, Iñigo Olartek eta Enekoitz Esnaolak osatutako epaimahaiak sariketaren ebazpena. Hain zuzen ere, lehiaketan parte hartu zuten 22 argazkilariek bidalitako argazki guztiak ikusi eta baloratu zituzten horiek.
Epaimahaiaren arabera, Adiel Zabalaren argazkia izan da aurkeztu dituzten guztietan onena. Eta haren atzetik sailkatu dira honako argazkilari hauek: bigarren Angel Olabarria, hirugarren Roman Azkue, laugarren Karlos Iriarte eta bosgarren Jexux Artola. Karnabaletako jai giroaren bueltako argazki onenaren saria, Iñaki Joaristi 'Altzarte' saria, berriz, Antonio Uzurrunzaga bergararrak irabazi du.
Urtero bezala, argazki lehiaketara aurkeztutako argazkiekin osatutako erakusketa prestatzen ari da Azpeitiko Argazki Elkartea, eta aurten ere, Betharram aretoan izango da ikusgai. Sari banaketa eta erakusketaren irekiera areto berean egingo dituzte larunbatean, martxoak 14, 13:00etan hasita.