Elkar hartuta, lau haizetara zabaldu dituzte emakumeen aldeko aldarriak Zestoan

Maialen Etxaniz 2020ko martxoaren 8a

Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta beste urte batez emakumeen aldeko aldarriz bete dituzte Zestoako kaleak. Astelehenean ekin zioten zestoarrek Martxoaren 8aren harira Bargaztak asanblada feministak antolatutako Feminismotik (H)asteari, eta azken egunotan askotariko ekintzak egin dituzte feminismoa ardatz hartuta.  Gaur itxi dute prestatutako egitaraua,  eta goizetik gauera bitartean hainbat ekintza egin dituzte.

Goizean, emakumeen mendi irteera egin dute Santa Engraziara giro paregabean. Ondoren, elkarretaratzea egin dute plazan, eta behin goizeko ekitaldiak amaituta, bazkari komunala izan da plazan. Indarrak hartu ostean, dantza ikastaroa eskaini dute, arratsaldeko ekitaldira begira. 

Arratsaldeko mobilizazioa izan da eguneko hitzordurik jendetsuena. 19:00etan atera da manifestazioa plazatik, Gu gara iraultza, elkartasuna gure arma lelopean, eta adin guztietako dozenaka herritar batu da deialdira. Horiek guztiek lau haizetara zabaldu dituzte emakumeen nahiz borroka feministaren aldeko mezuak. Plazan hasi eta plazan bukatu da manifestazioa, eta ekitaldiarekin borobildu dute eguna. Bargaztak asanbladako kideek hartu dute hitza aurrena, eta ondoren, plazara bertaratutako dozenaka emakumek elkar hartuta Martxoaren 8rako prestatutako dantza eta abestia eskaini dituzte. Txalo zaparrada eta "gora borroka feminista!" oihu artean amaitu dituzte Zestoan aurtengo Martxoaren 8ko ekitaldiak. 

Hona hemen argazki bilduma eta ekitaldiko dantzaren bideoa: 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide