"Mikrobioen mundu liluragarriaz" solastuko dira datozen asteetan Zestoako Portale kultur etxean

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 6a

Josu Albero biologo eta mikrobiologian adituak eskainiko ditu hitzaldiak 'Mikrobioen mundu liluragarria' izenburupean. Aurreneko solasaldia martxoaren 9an eskainiko du eta bigarrena hilaren 16an, 19:00etan hasita.

Mikrobioen mundu liluragarria izenburupean, bi hitzaldi eskainiko ditu Josu Albero biologo eta mikrobiologian adituak Zestoako Portale kultur elkartean. Astelehenez eskainiko ditu solasaldiak Alberok, martxoaren 9an eta 16an, hain zuzen. Bi saioak 19:00etan hasiko dira.

"Mikrobioen mundua oso zabala denez, eta gaiak luzerako ematen duenez, azalpen guztiak hitzaldi batean eman beharrean, bitan emango ditut", azaldu du Alberok. Hala, 75 minutuko bi solasaldi eskainiko ditu. Hizlariak aurreratu duenez, lehen saiora bertaratzen diren herritarrek mikrobioak zer diren ezagutuko dute, baita horien bizitokia eta bizimodua nolakoa den ikasi ere. Gainera, mikrobioek ingurugiroan duten garrantziaz nahiz bakterioez arituko dira. 

Martxoaren 16ko hitzaldian, aldiz, honako gai hauek landuko dituzte: "Mikrobioen alde iluna: bakterio patogenoak; inmunitate-sistema; txertoak eta antibiotikoak; gaitz infekzioso nagusiak eta Mikrobioen erabilera industriala: Bioteknologia".  Hitzaldietara bertaratzen diren herritarrek gaia sakonago ezagutuko aukera izango dute. Solasaldiak irekiak izango dira eta, beraz, gaian interesa duen herritar oro hurbil daiteke saioetara. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide