Zestoarrek Feminismotik (H)asteari ekingo diote astelehenean

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 28a

Bargaztak Zestoako asanblada feministak Martxoaren 8aren harira antolatu du Feminismotik (H)astea. Hainbat ekintza prestatu dituzte astelehenetik igandera bitarterako. Besteak beste, dokumental emanaldia, hitzaldiak, herriko emakume DJ-en emanaldia eta Lili Jauregira bisitak antolatu dituzte datozen egunetarako. Igandean, Martxoaren 8rako, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute.

Martxoaren 8aren harira, Feminismotik (H)astea antolatu du Zestoako Bargaztak asanblada feministak. Astelehenean, hilak 2, ekingo diete prestatutako ekintzei, eta igandera bitartean askotariko jarduerak egingo dituzte herrian.

Astelehenean, Malen Etxeako emakumeekin elkartu eta dokumental emanaldia nahiz solasaldia eskainiko dituzte Zestoako liburutegiaren azpiko lokalean, 18:00etan hasita. Asteartean, hilak 3, Emakumeok gorputzetik ahalduntzen hitzaldia eskainiko du Harremonak elkarteko Haizea Egigurenek, 18:00etatik 20:00etara. Solasaldia non izango den ez dute zehaztu oraindik. Hitzaldiekin jarraituko dute asteazkenean. Martxoaren 4an Emakumeak euskal dantzan: gezur baten historia solasaldia eskainiko du Oier Araolazak Portale kultur elkartean, 19:00etan hasita.

Ostiraletik igandera, aldiz, emakumeen parte-hartzea sustatzeko hainbat ekintzak egingo dute Zestoan. Ostiralean musika eta herriko emakume musikariak izango dira protagonistak. Izan ere, Bargaztak Oholtzan 2.0 DJ emanaldia prestatu dute asanblada feministako kideek ostiral gauerako. Zestoako Gaztetxean izango da jaialdia, eta musika jartzen arituko dira Ines, Francese Be eta Elba DJak, 23:00etan hasita. Martxoaren 7an, larunbatez, bisitak gidatuak egingo dituzte Lili Jauregira. Ez dira, ordea, bisita arruntak izango, Andre Madalen pertsonaia omenduko baitute irteera horietan. Bisita gidatuetara joateko beharrezkoa da aurrez izena ematea Zestoako Turismo Bulegoan.

Martxoaren 8a igandea da aurten, eta, horrenbestez, Euskal Herriko mugimendu feministak ez du grebarik deitu egun horretarako. Dena den, aldarririk ez da faltako Emakumeen Nazioarteko Egunean. Zestoan egun osoko egitaraua antolatu dute Bargaztako kideek, baina oraindik ez dute eman prestatutako jardueren xehetasunik. Data gerturatu ahala plazaratuko dute Martxoaren 8ko egitaraua osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide