Zestoako memoria historikoa berreskuratzeari ekingo diote

Aitziber Arzallus 2020ko otsailaren 27a

Espainiako gerra garaian eta frankismoko lehen urteetan gertatutakoak bilduko dituzte datozen hiru urteetan. Herritarren lekukotzak jasotzeko Oroimen Bulegoa zabalduko dute martxoan.

Zestoarrei ere iritsi zaie Espainiako gerran eta frankismoaren lehen urteetan herrian jazotako gertaerak azalera ateratzen hasteko garaia. Aspalditik heldu nahi zioten gaia dela adierazi du Mikel Arregi alkateak. "Eskualdeko herri gehienetan eta Euskal Herriko leku askotan dagoeneko egin dute lan hori, eta zorionez, guri ere iritsi zaigu Aranzadirekin elkarlanerako hitzarmena sinatzeko eguna". Zestoako alkateak Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialaria izan du alboan, egitasmoaren berri emateko Zestoako udaletxean egin duten agerraldian.

Herrian jazotako gertaeren inguruan "egia objektiboa" jakiteko garaia badela uste du Arregik. "Beldurragatik eta gertatu ziren gauzen larritasunagatik, aurreko belaunaldiek ezkutatu egin digute egia hori, baina bada ordua mahaiaren gainean jartzeko; izan ere, bada bere historia ahazten duen herria historia errepikatzera kondenatua dagoela dioen esaldi bat". Dagoeneko orduko jende asko falta den arren, "daudenek dakitena jakitea oso garrantzitsua" dela adierazi du alkateak. Denbora kontra izan arren, oraindik garaiz dabiltzala nabarmendu du Bucesek ere. "Ez da berandu; Zestoan ere egin daiteke oroimen historikoa berreskuratzeko beste zenbait herritan egin duten lanketa".

Egitasmoak helburu nagusi bat duela azaldu du ikerlariak: "Zestoan gerra eta errepresio frankista jasan zutenak izen-abizenez ezagutzea". Horretarako, hainbat fasetan eta ezagutza esparrutan lan egingo dute. Batetik, hainbat artxibo kontsultatuko dute Aranzadiko historialariek; besteren artean, tokiko artxiboa, Espainiakoa, artxibo militarrak, elizakoak eta abar. Eta bestetik, lana antropologikoagoa egingo dute, lekukotzak bilatuz eta bilduz. "Lan historikoa gauzatzeko denbora gehiago beharko dugu, artxibo militarrak eta elizako artxiboak kontsultatzea ez baita erraza izaten", Bucesen arabera.

Lan antropologikoa gauzatzeko denbora gutxiago behar izaten dutela argitu du, baina horrek ez duela esan nahi garrantzi gutxiago duenik. "Lekukotasunak lortzea oso-oso inportantea da, dena ez baitago artxiboetan. Pertsonek etxean eta oroimenean gordetzen duten informazioa eta familia oroitzapenak izaten dira informazio iturri bakarrak". Emakumeek jasandako errepresioa eta errepresio soziala jarri ditu adibidetzat. "Errepresio mota horien inguruko dokumenturik ez dago, orduko pertsonek bakarrik dute horien berri, eta testigantza horiek jaso behar ditugu".

Herritarrak proiektuaren parte egiteko eta informazioa eman eta jasotzeko, Oroimen Bulegoa jarriko dute herrian. Udaletxeko beheko solairuan egokituko dute bulego hori eta martxoko astearteetan egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Proiektua ondo ateratzeko zestoarren laguntza «ezinbestekoa» izango dela nabarmendu du Aranzadi elkarteko kideak, eta esan du lekukotasun, argazki eta dokumentu oro izango dela ongietorria. "Printzipioz, dena da baliagarria eta erabilgarria".

Egia, justizia, erreparazioa

Oroimen Bulegora bertaratu ezin duten herritarrek Aranzadiko ikerlariekin telefono bidez (943-36 61 42) edo posta elektronikoz (memoria@aranzadi.eus) harremanetan jartzeko aukera ere izango dute.

Bucesek nabarmendu du "sentsibilitate handiz eta diskrezio osoz" jokatzeko joera dutela, eta mugak lekukotasunak ematen dituztenek jartzen dituztela beti. "Norbaitek kamera aurrean jarri nahi ez badu, ahotsa bakarri graba geniezaioke; izenik eman nahi ez duena, ez dugu behartuko horretara. Protagonistak dira mugak jartzen dituztenak". Proiektuaren helburua "egia ezagutzea" dela jakinarazi. Bucesek, eta hark esan du Aranzadiko ikerlariak saiatuko direla egia hori bilatzen, gero gizarteak eta erakundeek justizia eta erreparazioa eskatu ahal izateko.

Ikerketaren lehendabiziko zatiak 36ko gerraren garaia eta frankismoaren lehen urteak kontuan hartuko dituela azaldu du Arregik, alegia, 1936. urtetik 1945. urtera arteko aldia. "Orain hasi eta 2022ra arte lan horretan arituko gara, eta lehendabiziko fase horri bukaera emateko bildutako informazio guztia jasotzen duen liburu bat argitaratuko du Aranzadik". Hori, baina, ez da ezeren bukaera izango. "Behin lehen zatia bukatuta, beste garai bateko gertaerak azaleratzeko lanari ekingo diote Aranzadiko kideek".

Bi hitzaldi martxoan

Memoria historikoari berreskuratzeko egitasmoa eta Oroimen Bulegoa martxan jartzeaz gain, gaiari lotutako bi hitzaldi ere antolatu dituzte Zestoako Udalak eta Aranzadik datorren hilerako. Lehenengoa martxoaren 11n izango da, Alonderoko kultur aretoan, 19:00etan hasita. Errepresio frankista Urolan izenburupean, Urolako biztanleek matxinatuen aurka nola egin zuten kontatuko du Iñaki Egaña Aranzadi elkarteko historialari eta antropologoak, baita gerora zer-nolako errepresioa jasan behar izan zuten ere.

Bigarren hitzaldia, berriz, martxoaren 25ean izango da, hori ere Alonderoko kultur aretoan, 19:00etatik aurrera. Karlos Almorza Aranzadi elkarteko historialaria izango da hizlaria, eta hark jorratuko duen gaia honako hau: Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta Denfentsa Sistema. 1936ko abuztuaren 5ean, Espainiako altxamendu militarrari aurre egiteko asmoz euskal buruzagi abertzale eta independentistak Azpeitira joan zirenekoaz eta ordutik irailaren erdi aldera arte Candido Saseta buru zuten gazte boluntarioek faxismoa geldiarazteko egindako ahaleginaz jardungo du solasean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide