Gipuzkoako Eskola Txikien jaia Aizarnan antolatuko dute aurten. Ekainaren 14an ospatuko dute festa hori. Aurrez, martxoaren 28an (larunbata), Eskola Txikiek X. Jardunaldiak egingo dituzte Aizarnako Herri Eskolan. Eskola jantokiez eta bertako produktuen saretzearen inguruko hitzaldiak antolatu dituzte jardunaldien barruan, 10:00etan hasita. Lehenengo hitzaldiaren izenburua Gaur egungo eskola jantokien egoera izango da, eta gai horretaz hizketan jardungo dute Eneko Viñuelas Bidezko Elikadurako kideak eta Lurdes Imaz EHIGEkoak. Ondoren, 12:00etan hasita, bertako produktuen saretzeaz hitz egingo dute Aintzira Oñederra eta Ioritz Aizpuru Azoka Plaza 2.0 egitasmoko talde eragileko kideek.
Haurrentzako zaintza zerbitzua eskainiko dute jardunaldietan, eta hitzaldien artean mokadutxoa egiteko aukera izango da. Jardunaldietan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, eta horretarako epea martxoaren 20ra artekoa da. Izena emateko gurasoak@eskolatxikiak.eus helbide elektronikora idatzi behar da edota Whatsappez mezu bat bidali 608 75 41 66 telefono zenbakira. Mezuan zehaztu beharko da jardunaldietan nahiz zaintzan parte hartuko duten helduen eta haurren kopurua.