Atzo gauean Repsol etxeak "Sol" bereizgarriak banatu zizkien Euskal Herriko hamaika jatetxeri. Tartean dira eskualdeko hiru: Orioko Katxiña, Zarauzko Kirkilla Enea eta Zestoako Iraeta.
Donostiako San Telmo Museoan egin zen sari-banaketak 400 lagun baino gehiago juntatu zituen, eta han izan ziren sariak jasotzen Iñaki eta Izaskun Zendoia (Katxiña), Xabier Zabala eta Julen Olazabal (Kirkilla Enea) eta Jon Goikoetxea.
Katxiña bodegakoek sare sozialetan argitaratutakoaren arabera, "emozio handiarekin" bizi izan zuten atzoko gaua, eta jaso duten sariak "lanean gogor jarraitzeko indarra" emango die. Kirkilla Eneakoek argitaratu dute "oso gustura" daudela Repsolen bereizgarria jaso izanagatik. Beren esanetan, lan taldeak urte askotan egindako lanaren eta esfortzuaren fruitua da saria.