Badator Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako X. Erniarraitz Bertso Txapelketa. Martxoaren 1ean, igandez, hasiko da sariketa, eta martxoaren 27an bukatuko da. Guztira, Euskal Herriko hainbat txokotako hemezortzi bertsolari gaztek parte hartuko dute txapelketan.
Aurten ere hiru kanporaketa eta finala izango ditu bertso txapelketak. Lehen saioa martxoaren 1ean izango da Errezilgo Borondegin, 17:30ean hasita. Saio horretan parte hartuko dute Eder Iturralde, Maider Arregi, Unai Izagirre, Joanes Illarregi, Aroa Arrizubieta eta Sarai Robles bertsolariek. Bigarren kanporaketa martxoaren 15ean jokatuko dute Zestoako Kultur Etxean, 17:30ean hasita. Bigarren kanporaketan honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Iker Letamendia, Eli Pagola, Irati Ancantarilla, Markel Eizagirre, Jon Gurrutxaga eta Mikel Iturriotz. Hirugarren eta azken kanporaketa Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute martxoaren 22an, 17:30ean hasita. Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria, Imanol Albizu eta Aitor Zubikarai arituko dira bertsotan Azkoitiko saioan. Kanporaketetan lanik txukunena egiten duten sei bertsolariak jokatuko dute finala.
Finala martxoaren 27an, ostiralez, jokatuko dute, eta ohi bezala Azpeitiko Gaztetxean izango da. 22:00etan hasita, hiru kanporaketetatik sailkatzen diren sei bertsolariak ariko dira nor baino nor txapelaren bila.
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatzen du Erniarraitz Txapelketa, eta Euskal Herriko hainbat txokotako bertsolari gazteek parte hartzen dute bertan. 2018an jokatu zen IX. Erniarraitz Txapelketa, eta orduan Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak jantzi zuen txapela.