"Kaixo txikiak", esanez agurtzen ditu Vanesa Ugartek (Zestoa, 1974) bere zaldiak. Bera adinako bost badira, ordea, gutxienez; "baina hauek beti izango dira nire txikiak", dio. Peru, Ihintza, Po... Animalia bakoitzak bere izena du, baita bere historia eta izaera ere. Hemezortzi zaldi dituen arren –gehienak Zestoan eta beste batzuk Aian–, ondo baino hobeto ezagutzen du haietako bakoitza. Izan ere, hogei bat urte daramatza zaldiak behatzen, hazten eta hezten.
Noiz sortu zen zaldiekiko zure miresmena?
Beti izan naiz animaliazalea, baina ez bereziki zaldizalea. Topatu dudan animalia topatu dudala, harekin harreman ona izaten saiatu naiz beti. Zaldiekiko miresmena, ordea, Lucy Reesekin topo egin nuenean piztuko zitzaidan, agian. Sekula izan dudan irakaslerik onena da Lucy, zalantzarik gabe; bera izan da bide hau ireki didana. Etologoa da Lucy, Galeskoa, eta bizitza guztia darama zaldien jokabidea aztertzen. Zaldien munduan murgiltzen hasi nintzenean, haren ikastaro batera joan nintzen, eta nire zalantza asko argitu zituen. Izan ere, mendi behorrak lasai ikusten nituen, baina zalditegietako zaldiek ez zidaten bake hori transmititzen. Ez nekien zer gertazten zen, eta nituen galdera askori erantzuna aurkitzen hasi nintzen hari esker. Orduan, buru-belarri hasi nintzen zaldiekin lanean. Gainera, bost urtez Venezuelara joan ginen Lucy eta biok, hango zaldi basatiak aztertzera, eta horrek asko markatu ninduen.
Zalditegietako zaldiak sarritan ez direla egoera onean egoten aipatu duzu. Zer izan behar da kontuan zaldi bat ondo hazteko eta hezteko?
Zaldiekin ari bagara, lehenik eta behin, animalia bere egoera naturalean ezagutu behar dugu; nire lanaren oinarria horixe da. Nola bizi dira zaldiak gu gabe? Zergatik daukate daukaten gorpuzkera? Zergatik bizi dira taldeetan? Galdera horiek badituzte erantzunak, eta konturatzen zara dena zerbaitegatik dela. Behin hori jakinda, zaldiak gure etxeetara ekartzen ditugunean, saiatu behar gara animaliak beren egoera naturaletik ahalik eta gertuen mantentzen. Izan ere, beraiek horrela bizi beharra dute, lasai biziko badira. Gizakiok behar batzuk ditugun bezala, zaldiek ere beraienak dituzte.
Zer behar ditu zaldi batek?
Batetik, askatasuna, mugitu beharra; horrek ez du esan nahi egun guztia korrika ibili behar denik, baina bere espazioa behar du. Bestalde, lagunak behar ditu, taldeak babesa emango diolako. Eta hirugarren behar nagusia da ordu asko pasatu behar dituela mastekatzen, ahoa mugitzen; egun guztian mastekatzen egotea komeni zaie, eta horrela, beraien hortzen desgastea ondo mantentzen dute. Hiru gauza horiek oso garrantzitsuak dira.
Hipikarako erabili izan da sarri zaldia inguruotan, eta zure arabera, gauza asko ez dira ondo egin mundu horretan. Zer da zaldi batentzat onuragarria?
Lehendabizi jakin beharko genukeena da zer ez zaion komeni zaldi bati, zer ez genukeen egin beharko; eta hor zerrenda luze bat egin genezake. Eta noski, lehen-lehenik, lagun egin behar dugu zaldia; baina benetako laguna izan behar du, faltsukeriak ez du balio. Zaldia behin lagun egin eta lasai dagoela ikusten dugunean, noski bere gainean ibil gaitezkeela. Baina zaldi gainean ibiltzeko moduak eta moduak daude, eta gauzak txukun egin daitezke, edo ez. Beraien gorputzari eta mugimenduari ahal den traba gutxien eginez eta elkar ulertuz egin ditzagun gauzak. Guk disfrutatzeko egingo ditugu gauzak, baina beraiek ere disfruta dezatela gurekin dauden bitartean. Bestela, itsusia da harremana.
Zaldien inguruko ikastaroak ematen dituzu. Animalia horiekin halako esperientzia izanda, besteei zer transmititzen saiatzen zara?
Zaldiak nolakoak diren ezagutarazten saiatzen naiz, eta nola zaindu behar diren erakusten, sentsibilizatzen eta maitatzen irakasten. Gure esku dago zaldien bizimodua nolakoa izango den, eta gauza horiek guztiak transmititzen saiatzen naiz, bai umeei, bai helduei. Zaldiak ondo zaintzen irakasten saiatzen naiz, eta ez zaldiak bakarrik, baizik eta inguruan dugun dena; izan ere, dena dago lotuta. Maitatu eta zaindu beharra daukagu ingurua.
Arazoak dituzten zaldiekin etortzen al zaizu jendea laguntza eske?
Bai. Niretzat politena horixe da: nik laguntza ematen dudan arren, gero norbera bere zaldiarekin aurrera egiteko gai izatea. Nik nahi dudana da, jendeak bere etxean animaliak baldin badauzka, animalia horiek ezagutzea eta ahalik eta ondoen edukitzea.
Nola deskribatuko zenuke zaldia?
Zaldia ondo baldin badago, bere beharrak aseta bizi baldin bada, oso animalia lasaia da. Zentzumen guztiak adi izaten ditu beti, harrapari bat agertzen bada ere. Zaldiak belarjaleak dira, eta oso okel ona dute gorputzean; horregatik daude diseinatuta harrapariek ez harrapatzeko, eta horregatik antolatu dira taldeetan. Beraien helburua da bizirautea eta ugaltzea, espezieak aurrera egiteko. Kuxkuxeroak ere badira, gorputz atletikoak dituzte eta oso bakezaleak dira. Ondo badaude, noski.
Inguruotan zaldi asko al dago?
Noski daudela. Dena den, ez da hemen zaldien kultura handirik egon; garai batean, behia zen etxean zegoena eta baratzean laguntzen zuena. Dena behiarekin egiten zen, baina gure mendietan beti egon dira pottokak, bazterrak garbitzen.
Zer ikas dezake gizakiak zaldiengandik?
Gauza pila bat. Batetik, beraien bizitza soziala nolakoa den aztertzen badugu, eta beraien moduan biziko bagina, askoz ere hobeto biziko ginateke; askoz ere lasaiago, eta beste harmonia batean. Horretaz aparte, animaliek ez zaituzte epaitzen: ez dizute esaten gaiztoa edo itsusia edo potoloa zarenik; zure jarrera jatorra bada, haiei berdin zaie, eta guk ere hala jokatu beharko genuke. Alde horretatik, barnean ez daukazun indar hori aurkitzen laguntzen dizute. Gainera, horrelako animalia eder bat lagun egiteak emozio aldetik gauza asko askatzen laguntzen du. Beraiekin naturan zaudenean ematen dizkizuten balioak izugarriak dira. Norberak bere burua ezagutzen ere ikasten du zaldiekin egonda. Haien gainean jartzerakoan, sentsibilizatzen ikasten duzu; izan ere, sentitu egin behar duzu azpian daramazun zaldia, oreka lantzen duzu...
Zergatik maite dituzu hainbeste zaldiak?
Maitagarri batzuk direlako. Oso animalia ederrak dira, eta hainbeste merezi dute. Beraiek ere maite naute ni, e! Baina beraien erara. Gure etxeetan daude, eta gure eskuetan dago beraien bizimodua nolakoa izango den. Maite? Denak maite beharko genituzke: zaldiak, txakurrak, txoriak, zuhaitzak... Dena politagoa izango litzateke, eta mundua hobeto joango litzateke.