Adinekoen Mahaia sortu dute Zestoan, zahartzaroa eta ongizatea jorratzeko

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 12a

Zestoako Udalak eta herriko eragileek parte hartuko dute mahaian, eta adinekoek izan ditzaketen arazoei aurre egiteko "kabinetea" izango da. Oraingoz, bilera bakarra egin dute.

Zahartzaroari zor zaion garrantzia emateko, Adinekoen Mahaia sortu dute Zestoan, adineko pertsonek izan ditzaketen beharrak nahiz kezkak partekatzeko eta herrian adinekoei eskaintzen dizkieten zerbitzuak koordinatzeko asmoz.

Zestoako Udalak eta zahartzaroaren eta adinekoen inguruan aritzen diren herriko eragileek osatuko dute Adinekoen Mahaia, eta besteak beste, 3Z taldea, erretiratuen elkartea eta San Juan eta Gisasola adinekoen egoitzak daude hara gonbidatuta. Oraingoz, bilera bakarra egin dute kideek, eta Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi duenez, eragileek formalki aurreneko harremanak egiteko eta egitasmoa martxan jartzeko balio izan zuen joan zen hilean egindako batzar hark: "Demografikoki zahartzaroak duen pisua kontuan hartuta, adinekoek izan ditzaketen arazoei aurre egiteko kabinete moduko bat izango da Adinekoen Mahaia".

Luzera begirako proiektua izango da, eta haren maiztasuna oraindik formalki zehaztu ez badute ere, alkateak aurreratu du, oro har, bizpahiru hilean behin elkartuko direla. Bilera horietan, ongizatearen ikuspegitik zahartzaroaren gaia jorratuko dute, pertsonak "erdigunean" jarrita: "Jakin badakigu adineko pertsonen barruan askotariko egoerak daudela: jubilatu berriena, menpekotasun egoeran daudenena... Adinekoei menpekotasun egoerara iristen direnean, ahalik eta arreta handiena jarri behar zaie, eta egoera horretan ez dauden adinekoen beharrak zein jarduerak ere kontuan hartzekoak dira".

Era berean, herrian adinekoen pertsonei zuzendutako hainbat zerbitzu dagoela gogoratu du Arregik, eta horiek guztiak koordinatzeko premia zegoela gaineratu du. "Zahartzaroari lotutako lanketa adinekoekin eta eragile desberdinekin batera egin nahi izan dugu, guztiek beren iritzia parteka dezaten eta denon artean sinergia berriak sor ditzagun".

Horrez gain, azken hilabeteetan itxita dagoen jubilatuen tabernaren egoera ere izan zuten hizpide lehen saioan. Udalaren jabetzarena da taberna hori, eta alkateak jakinarazi duenez, hura kudeatzeko lehiaketa epe motzean abian jartzeko asmoa du berriz erakundeak. "Espero dugu oraingo deialdira norbait aurkeztuko dela. Izan ere, urbanistikoki herriko gune zabalenetako batean dago taberna, eta iruditzen zaigu hura ixtearekin tristetu egin dela gune hori. Helburua da, beraz, eremuari bizia ematea eta belaunaldi desberdinen arteko bilgunea izatea".

"Herritarrengandik gertu"

Lehendik ere martxan dira kultura edota kirol mahaiak Zestoan, eta sortu berri duten gunea martxan jartzeko «hutsunea» zegoela adierazi du alkateak. Izan ere, Arregik uste du halako egitasmoek udala eta herritarrak gertuago egoteko balio dutela: "Iruditzen zaigu udalak harreman zuzena eduki behar duela eremu desberdinetan aritzen diren herritarrekin, eragileen iritzia jasota erabakiak hartzea aberasgarriagoa delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide