Xeye, harrobia jorratzen

Nerea Uranga 2020ko otsailaren 12a

Astelehena, arratsaldeko zazpirak, Azpeitiko kiroldegia. 16 eta 18 urtez azpikoetan lehiatzen diren Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeko lasterkari azkoitiarrek, azpeitiarrek eta zestoarrek entrenatzeko hitzordua dute, baita eskolartekoen mailan aritzen diren lauk ere. Pedro Muñoz korrikalari beteranoa dute gidaria.

Xeye atletismo taldeko lasterkari batzuk, astelehean, Azpeitiko kiroldegian. (Nerea Uranga)

Bukatu dute kroseko denboraldia, igandean Donostian asfalto gaineko Gimnastica Ulia jokatuta. Gustura daude gazteak azken probako emaitzekin; batzuk nabarmentzeko: mutiletan 16 urtez azpikoetan Oihan Aramendi azpeitiarrak hirugarren egin zuen, eta 18 urtez azpikoetan, Julen Azpiazu azpeitiarrak bigarren. Nesketan, laugarren egin zuten Maria Albizu zestoarrak (18 urtez azpikoa) eta Uxue Ortega azpeitiarrak (16 urtetik beherakoa).

Albizuk eta Ortegak Gipuzkoako Kros Txapelketan (lau kros hartzen dituzte kontuan) podiuma lortu zuten, beren mailan hirugarren eginda.

Lorpen gazi-gozoa
Euskadiko Kros Txapelketa, berriz, otsailaren 2an jokatu zuten Gernikan (Bizkaia). Taldeka hirugarren egin zuten Xeyeko neskek (Maria Albizu, Ainara Tena, Naiara Tena eta Sara Aranbarri) zein mutilek (Julen Azpiazu, Giramash Aizpurua, Ioritz Aramendi, Ibai Azpiazu eta Mikel Carrasco). Postu horri esker, Espainiako lehia jokatzeko aukera lortu zuten neskek. "Xeye talde apala da, eta ez genuen espero taldeka hirugarren egitea; azkenean, podiumean Gipuzkoako talde bakarra izan ginen, eta izugarrizko poza hartu genuen", azaldu du Naiara Tenak.

Xeyeko 18 urtez azpiko nesken taldea Euskadiko Kros Txapelketako podiumean. (Xeye)

Gauzak, ordea, bestela gertatu dira ondoren. Izan ere, atletismoko beste talde batek lasterkari filial bat fitxatu du; ondorioz, Euskadiko taldekako sailkapenean bosgarren gelditu da Xeyeko taldea Espainiako lehiarako, txapelketa hori jokatzeko aukera galduz. "Amorrua" sentitu dutela dio Tenak: "Pena izan da. Espainiako Kros Txapelketa otsailaren 23an jokatuko da Sorian, Azpeitiko Elegante Egunean. Dena den, festa egun hori galdu eta Espainiako lehia jokatzeko ilusioa genuen".

Taldeen artean hitzarmenak egiteko aukera horrek abantailak ere badituela erantsi du Muñozek. "Kasu honetan, Xeyekoon kalterako gertatu da. Baina filialen kontu horrekin, agian, egunen batean, gure taldeko korrikalariren batek atletismoko talde handiren batekin aritzeko aukera izan dezake. Horrelako kasuak gertatu izan dira Xeyeko lasterkari batzuekin".

Urrian hasi zuten sasoia Xeyeko lasterkariek, kros denboraldiarekin. Ordutik, ia asteburu guztietan izan dute lasterketaren bat. Asteburu batzuetan, gainera, larunbatetan eta igandeetan izan dituzte probak. "Larunbatean pista estalian eta igandean krosa", zehaztu du Xeyeko entrenatzaileak.

Pistan ere emaitza onak lortzen ari dira. Esaterako, hil honen aurrenean, Donostiako Belodromoan jokatutako Gipuzkoako Pista Estaliko Lehiaketan, Julen Azpiazuk eta Ibai Azpiazuk, hurrenez hurren, zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu zituzten 1.500 metroko proban. Uxue Ortegak, berriz, brontzea eskuratu zuen 3.000 metroko proban.

Julen Azpiazu (zilarra) eta Ibai Azpiazu (brontzea) 1.500 metroko proba bukatu ostean, Gipuzkoako pista estaliko lehiaketan.

Pistarako entrenatzeko, ordea, baliabide eta azpiegitura falta dituztela adierazi dute Xeyekoek. "Iraupen-lasterkarientzako Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria ederki dago entrenatzeko. Abiadurako lasterkariontzako, aldiz, baliabide falta dago, eta hala nola moldatu behar izaten dugu jauzietarako-eta entrenatzeko", nabarmendu du Tenak. "Pistan lehiatzen dutenean antzematen zaie ez daudela pistan ibiltzera ohituta; izan ere, lehiaketetan bakarrik ibiltzen dira modalitate horretan", gaineratu du Muñozek.

Dena den, entrenatzaileak argi adierazi du Xeyeko lasterkarien helburua zein den: "Norberaren denbora marka hobetzen joatea; hori da pistarako jartzen dugun helburu bakarra".

Taldea, sasoiko
Helburuak betetzen eta emaitzak lortzen ari dira Xeyeko kideak, eta gustura daude. Bailarako atletismoko harrobia ereiten eta jorratzen ari dira. 48-49 korrikalari federatu ditu atletismo taldeak gaur egun. Gainera, eskolartekoen mailako neska-mutil multzo handi bat ere badabil Xeyeko atletismo eskoletan: 60 bat dabiltza Azpeitian eta beste horrenbeste Azkoitian. "Taldea oso ondo dago, gazte jende asko dabil Xeyen. Falta dena, ordea, lanerako jendea da: lasterketak antolatzeko, lizentziak egiteko, probetarako izenak emateko, haur eta gazteak entrenatzeko... Hala ere, atleta gazteek asko laguntzen dute eskolartekoen entrenamenduetan, eta hori oso pozgarria da", adierazi du Muñozek.

Atletismoan emaitzak lortzeko sekretua "entrenatzea eta entrenatzea" dela azaldu du Xeyekoen gidariak. Tartean, etorkizun oparoko atletarik egon daitekeela ere uste du Muñozek: "Baina entrenatu beharra dute, ez dago besterik".

Horretan gelditu dira Xeyeko lasterkari gazteak. Kiroldegian beroketa ariketak egin ondoren, egin beharreko lanak jarri dizkie Muñozek: batzuek 5 kilometro egin beharko dituzte lasterka, besteek 8 kilometro, beste bati aldapa lantzea egokitu zaio...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide