Martxoaren 19an jokatuko dute Zestoako Herri Lasterketa

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 10a

11:30ean abiatuko da nagusien lasterketa, eta korrikalariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: 2,770 kilometrokoa eta 8,630 kilometrokoa. Aurrez, 10:00etan hasita, gaztetxoen probak izango dira. Zabalik dago izen ematea.

Zestoako Herri Lasterketaren 42. edizioa jokatuko dute martxoaren 19an, ostegunez, Zestoako Atletismo Taldeak antolatuta. 11:30ean abiatuko da lasterketa, eta korrikalariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: 2,770 kilometrokoa eta 8,630 kilometrokoa. Proba motza aukeratzen dutenek ibilbideari itzuli bat egingo diote, eta luzea aukeratzen dutenek, berriz, hiru itzuli egingo dituzte. 2005ean edo lehenago jaiotakoek izango dute distantzia laburra egiteko aukera, eta 2004an edo lehenago jaiotakoek, luzea.

Ohi bezala, lehen bost sailkatuentzat izango dira sariak, baita lehenengo zestoarrentzat ere. Dagoeneko zabaldu dute izen ematea, herrikrosa.eus atarian; aurrez bost euro ordaindu beharko da, eta egunean bertan hamar euro. Kadete mailakoek, ordea, ez dute ordaindu beharrik izango.

Urtero moduan, nagusien lasterketen aurretik, gaztetxoen probak izango dira. Mailaren arabera, ordu ezberdinetan hasiko dituzte lasterketak. Hona hemen ordutegia:

-Herrikoentzako lasterketak:

10:00. Eskolaurreko neska-mutilak. Gurutzetik plazara (150 metro).

10:05. 2012-2013 urteetako neska-mutilak. A bira (300 metro).

-Guztientzako lasterketak:

10:05. Benjamin neskak eta mutilak (2010-2011 urteetakoak). B bira (600 metro).

10:30. Kimu neskak eta mutilak (2008-2009 urteetakoak). B2 (1.350 metro).

10:45. Infantil neskak (2006-2007 urteetakoak). A1-B2 (1.800 metro).

             Infantil mutilak (2006-2007 urteetakoak). B3 (2.250 metro).

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide