Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren Emakumea Pilotari Txapelketaren finaletan lehiatuko dira Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Naroa Agirre arroarra. Oraindik ordutegia-eta zehaztu gabe dauden arren, Zestoan jokatuko dituzte aurten ere finalak, datorren astean.
Arrietak eta Maddi Mendizabalek herenegun lortu zuten lehen mailako finalerako txartela, Alegian, finalaurrekoan Maider Mendizabali eta Alaitz Badiola azpeitiarrari 22-19 irabazi ondoren. Agirre, berriz, Maddi Berrocal aurrelariarekin bikotea osatuta ari da lehiatzen aurten, eta iaz bezala, finalera iristea lortu du Arroa Goikoak. Txapelketaren lehen edizioa izan zen hartan ere Zestoan jokatu zituzten finalak, eta Usue Zubizarretak eta Badiolak 22-14 irabazi zieten Ane Arteagari eta Agirreri.
Bigarren edizio honetako finaletan, Patri Espinar eta Nora Mendizabal izango dituzte aurrean Arrietak eta Maddi Mendizabalek lehen mailako finalean, eta Tolosa eta Arraizarekin neurtuko dituzte indarrak Berrocalek eta Agirrek bigarren mailakoan.