Jatorria beste zahar etxe askoren oso antzekoa izan zuen Zestoako (Gipuzkoa) San Juan egoitzak; hango bi ahizpak sustatu zuten orain dela mende bete, eta herriko hainbat eragilek hartu zuten haren gidaritza. "Aldi batean, halakoak izaten ziren miserikordia deituak", gogora ekarri du egungo zentroko zuzendariak Joseba Ilarramendik. Garai hartako gizarte ereduaren arabera antolatutako erakundea izan zen, eta nabarmen aldatu da ordutik, baina, zuzendariaren arabera, baziren han gorde beharreko ezaugarriak: "Hasiera-hasieratik antolatu zuten fundazio modura; irabazi asmorik gabeko erakundea zen. Eta gure ezaugarri nagusietako bat izan da, hain justu, sorrerako espiritu horri eusten asmatu dugula: irabazi asmorik gabeko fundazio bat izatea lehenetsi dugu beti", gogora ekarri du. Ezinbestekoa iruditzen zaio hori egun "uharte" zergatik diren esplikatzeko: izan ere, herrialdean sektorean nagusi diren lan eta arta baldintzekin alderatuta, hobeak dituzte egoitzan, eta langileak ez daude greban.
Ez dute aparteko diru iturririk. "Diru sarrerak egoitza denentzat, oro har, berdinak izaten dira", esplikatu du Ilarramendik. Aldundiarekin itundutakoak dira, oro har, egoitzetako tokirik gehienak: erakundeak diruz lagunduak. Zentroko psikologoa da Saioa Lasa, eta era horretako lekuen garrantzia nabarmendu du, titulartasun pribatu hutsekoak noiz arte pagatu ahal izango dituen ez baitakite egoiliarrek: "Helburua hitzartutako leku bat lortzea izaten da. Izan ere, ez dakizu zenbat biziko zaren: gai izango zaren gastu horri aurre egiteko". Hala, unibertsaltasunaren eta proportzionaltasunaren arteko sistema baten bidez ordaintzen dira tokiak: "Hemen badira egoiliarrak euro bakar bat pagatzen ez dutenak; badira, 2.000 eurotik gora pagatzen dutenak". Zentro publiko bat ez izatearen ondorioz obretarako-eta finantzaketa beren kaxara lortu beharrean ibili behar izateak aparteko zama eragiten diela nabarmendu nahi badute ere, ez dute aparteko diru arazorik: iristen zaie zulorik egin gabe ibiltzeko, lan baldintzetan eta arta zerbitzuetan koska bat gora egonda ere. "Guk besteen etxeetan zer gertatzen den, ezin dugu esan", azaldu du Ilarramendik. "Baina posible da beste lan baldintza batzuetan aritzea: posible da. Aldundia diru publiko asko ari da jartzen: arazoa da diru horrekin zer egiten den". Horregatik, gatazkan erakundeak ardura duela dio: "Garbi".
Albistea osorik irakurtzeko: Berria.eus