Harakigintza industriaren pertsona kualifikatuen eskaerari erantzuteko eta langabezian zeudenei lan munduan sartzeko aukera emateko asmoekin sortu zuten 'Harakintza eta haragi produktuen elaborazioa' formazio ikastaroa. Lehen promozioko hamabi ikasleek gaur jaso dute ikasketak egin izanaren ziurtagiria. Guztira, 510 orduko formazio ikastaroa egin dute ikasleek, eta horietatik gehienak dagoeneko lanean hasita daude. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburordeak, Maria Jesus Etxaniz Azpeitiko Lanbideren bulegoko zuzendariak, Patxi Aldasoro KM0 kooperatibako zuzendariordeak, Haziko kideek, Urkomekoek eta Iraurgi Berritzenekoek parte hartu dute ziurtagiriak banatzeko ekitaldian.
Era honetako formazio saioak aurrera eramateko erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute guztiek. Era berean, lehen sektoreko industriaren garrantzia azpimarratu dute, eta formazioa bukatu duten ikasleak zoriondu dituzte.