Aukeratu dute ostiraleko Zestoako pilota jaialdirako materiala

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 5a

Binakako pilota txapelketako partida jokatuko dute Olaizola II.a-Arangurenek Jaka-Zabaletaren aurka ostiralean, 22:00etan, Zestoako pilotalekuan. Mikel Urrutikoetxeak min hartu zuen igandean Tolosan, eta haren lekuan ariko da etzi Aranguren. Pilotariek gaur aukeratu dute ostiraleko jardunaldirako materiala.

Profesionalen esku pilota jaialdia antolatu dute Zestoako Udal Pilotalekuan ostiralerako. Pilotariek gaur aukeratu dute etziko jardunaldirako materiala. 22:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta promozio mailako eta binakako txapelketako partidek osatuko dute kirol ekitaldia.
 
Promozio mailan, Salaberriak eta Garmendiak Alberdi azpeitiarraren eta Salaverriren aurka jokatuko dute. Maila nagusian, berriz, txapelketako sailkapeneko buru diren Jakak eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Arangurenen aurka jokatuko dute. Olaizola II.arekin bikotea osatuz Mikel Urrutikoetxea zen aritzekoa Zestoan. Urrutikoetxeak, ordea, igandean min hartu zuen Tolosan. Beraz, Aitor Arangurenek Zestoan debuta egingo du binakako txapelketan.
 
Sarrerak aldez aurretik 634 43 47 42 telefonora deituta edota Aspe enpresaren webgunean eros daitezke. Sarrera arrunta 30 euro kostatuko da, 20 urtetik beherakoena 15 euro eta 15 urtetik beherakoena 5 euro.

Pilotazaleek jaialdia eroso ikus dezaten eta negua dela kontuan hartuta, berogailua jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide