Kobaz Koba Trailaren V. edizioa jokatuko da igandean, otsailaren 9an, Zestoan. Bi mendi lasterketa egingo dira, bi ibilbidetan barrena: Artzei bidea (15 kilometrokoa, 09:45ean Zestoatik irtenda) eta Zaldei bidea (26 kilometrokoa, 09:00etan da irteera Zestoan). Agiro mendizale taldeak eta Arazik antolatutako proba da, Zestoako Udalaren babesarekin.
Dagoeneko bi lasterketetan partaidetza muga gainditu dute; era horretan, guztira, 550 korrikalarik parte hartuko dute. "Lasterketa motzean, 15 kilometrokoan, azkar gainditu zen partaideen muga, eta 50 bat korri-
kalarik gelditu behar izan dute kanpoan. Proba luzeko izen ematean, berriz, gutxiago gelditu dira zerrendatik kanpo", azaldu du Mikel Irure Agiro mendi taldekoak.
Kobaz Koba Traila mendi lasterkarien artean "erreferentziazko hitzordua" bihurtu dela adierazi du Irurek. "Batzuentzat proben egutegiko lehen lasterketa da. Beraz, batzuek entrenamendu gisa egingo dute, beste batzuek parte hartzeagatik bakarrik, eta izango da lehenengo aldiz irtengo duena ere. Hori bai, jendea ilusioarekin ikusten da parte hartzeko. Esaterako, lehen proba antolatzen laguntzen zuten batzuek aurten lasterka irtengo dute. Kobaz Koban sortzen den lagunarteko giroa estimatu egiten du jendeak, eta hori antzeman egiten da".
Bi probetako parte hartzaileak kontuan hartuta, denera 550 lasterkari izango dira, eta horietatik 88 emakumeak. "Urtez urte emakume gehiagok ematen du Kobaz Koban izena, eta hori ere pozgarria da. Gainera, herritarrak ere animatu dira parte hartzera", gaineratu du Irurek. 39 zestoarrek eman dute izena igandeko lasterketetarako.
Ibilbide luzea, aldatuta
26 kilometroko Zaldei ibilbidearen bigarren zatia aldatu egin dute aurten antolatzaileek, "lursail pribatu batzuk saihestearren". Hala, Zestoatik igaro ondoren, eta Endoiara Baltzolatik joan beharrean, bidegorritik Iraeta aldera joango dira korrikalariak. Iraetara iritsi aurretik, baina, trenbideko tunel zaharra baino lehen ezkerreretara hartuko dute, Endoiako gurutzera igoz. Segidan, zuzenean Ekainberrira jaitsiko dira eta handik helmugara joango dira, Zestoako plazara. Ibilbidea aldatu duten arren, kilometro aldetik-eta tankerakoa da, Irureren arabera.
Ehun boluntario
Trailaren prestaketako azken txanpan murgilduta dabiltza Kobaz Kobaren antolatzaileak. "Orain lan egitea egokitzen zaigu, egunean denak ongi irten dezan", esan du Agirokoak. Probaren egunean ehun boluntario inguruk jarduten dute antolaketan: bidegurutzeak zaintzen, dortsalak banatzen, korrikalarientzako bukaerako hamaiketakoa prestatzen... "26 kilometro dira, eta horrek jendea eskatzen du. Gainera, pertsona bakar batek ezin du bi lekutan lagundu. Beraz, jende multzo handia ibiltzen gara proban lanean. Herritarrek ere estimatzen dute proba, eta Zestoako ondarea ezagutarazteko baliagarria da; hala nola, Ekainberri, Amalda, Danbolinzulo...", uste du Irurek.
Iganderako eguraldi ona iragarrita dagoenez, jendea proba ikustera animatu dute antolatzaileek.
Kobaz Koba V. Traila:
- Zaldei bidea. 26 kilometro.
* 09:00. Irteera, Zestoan.
* 09:10-09:30. Aizarna (3,2. kilometroa)
* 09:20-10:00. Santa Engrazi (7. kilometroa)
* 10:30-11:40. Laranjadi plaza, Zestoa (18,5. kilometroa)
* 10:55-12:35. Endoia (22,6. kilometroa)
* 11:10-13:00. Zestoako plaza, helmuga. - Artzei bidea. 15 kilometro.
* 09:45. Irteera, Zestoan.
* 10:00-10:20. Aizarna.
* 10:15-10:50. San Pelaio gaina (6,4. kilometroa)
* 10:35-12:10. Auzo gaina (13. kilometroa)
* 10:45-12:20. Ertxiñako gurutzea (14,5. kilometroa)
* 10:50-12:15. Zestoako plaza, helmuga. (15. kilometroa)