Iaz ekindako bideari jarraituta, aurten ere lehiaketa bidez aukeratuko dute Zestoan santakutzetako umeen danborradan aterako den karroza. Urtero legez, maiatzaren 3an, Santa Kutz egunez, ospatuko dute haurren danborrada, eta harekin aterako den karroza egiteko proiektuak aurkeztu nahi dituztenek otsailaren 21a arteko epea dute udaletxean beren proposamenak aurkezteko.
"Urte askotako ohitura den karroza egiterakoan herriko jendea subjektu aktibo izatea, karrozaren bidez gai eta ikuspegi anitzak plazaratzea eta sormenerako abidadeak dituztenei aukerak ematea" dira Zestoako Udalak karroza egiteko lehiaketa deitzeko azaldu dituen hiru helburu nagusiak.
18 urtetik gorakoek parte har dezakete lehiaketan, banaka edo taldean, eta parte hartzaile bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez ditzake. Karrozarako proiektuak 1:10 eskalako maketetan aurkeztu behar dira. "Maketak, itxurari eta diseinuari dagokionez, ahalik eta zehatzena izan beharko du. Hala ere, ez dauka karrozaren material berdinarekin egindakoa izan beharrik. Maketarekin batera, memoria bat aurkeztuko da eta bertan ondo zehaztuko dira koloreak, materialak eta
abar. Idatzizko zerbait badarama, Zestoako Udalaren hizkuntza-irizpideak bete beharko ditu", zehaztu du udalak lehiaketaren oinarrietan. 4,40 x 2,30 metrokoa da karroza egiteko erabiltzen duten gurdiaren zoruaren; gurdiak atzeko partean pareta bat ere izaten du, zabaleran 1,84 metrokoa eta altueran 1,53 metrokoa.
Karrozaren gaia "librea" da, baina egileek kontuan hartu behar dituzten zenbait irizpide ezarri ditu udalak oinarrietan: "Kontuan hartu beharko da, lehendabizi, umeen danborradarako izango dela eta, ondorioz, ume eta gaztetxoen esparruko gaiek lehentasuna izango dutela. Gaiak librea baina izaera integratzaileduna izan beharko du. Edozein pertsonarekiko edo erakunderekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak baztertu egingo dira".
Lehiaketaren irabazleak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du, karroza egiteko materialak-eta barruan direla. Zestoako Udaleko Gazteria, Kirol eta Jai Batzordeak osatuko du epaimahaia eta karrozaren "alderdi teknikoa, originaltasuna eta freskotasuna" kontuan hartuko dituzte sariduna aukeratzerakoan.
Lehiaketaren oinarriak osorik jarri ditu udalak bere webgunean.