36.000 pertsona igaro ziren 2019an Ekainberritik

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 3a

Ekain Fundazioko kideen arabera "urte oparoa" izan da 2019. urtea Ekainberrin, eta urtez urte bisita kopurua "mantentzen" jarraitzen dute.

Ekainberri.

Ekain Fundazioak Ekainberriren 2019. urteko balorazioa egin du, eta "urte oparoa" izan dela nabarmendu dute fundazioko kideek. 2019. urtean, guztira, 36.000 pertsona igaro ziren Ekainberritik eta 2018ko kopurua mantentzea lortu zuen. Fundazioko kideek adierazi dutenez, azken urteetan "igoera nabarmena" izan du Ekainberri bisitatu dutenen kopuruak; 2012. urtean, 25.000 bisitarik ikusi zituzten Ekain kobazuloko margolanak, beraz, azken zazpi urteetan %44ko igoera izan dute bisitek. Bestalde, Ekainberri ireki zutenetik gaur arte izandako bisitari kopurua ere eman dute fundazioko arduradunek; 2008an ireki zuten Ekainberri, eta ordutik, 365.778 pertsona igaro dira bertatik. Ildo horretatik, fundazioko kideek azpimarratu dute Gipuzkoako museoen artean "jomuga garrantzitsua" izaten jarraitzen duela Ekainberrik. Bisitarien jatorriari dagokionez, berriz, iaz Ekainberri eta Lili jauregia bisitatu zutenetatik %66 Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik joan ziren, %27 Espainiako estatutik eta %7 nazioartetik. 

Bestalde, 2019. urteak bat egin du Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrenarekin. Hori dela eta, urtean zehar hainbat ekitaldi egin zuten. Besteak beste, Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren antolakuntzan parte hartu zuen Ekainberrik, maiatzean eta ekainean Ekaingo margoen erakusketa antolatu zuten Deban (Gipuzkoa), Donostiako Victoria Eugenia antzokian Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrenaren inguruko gala egin zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta nahiz Ekainfest eguna ospatu zuten.

Nazioarteko lankidetza sareak

Ekain Fundazioko kideen arabera, Ekainberrik nazioarteko hainbat lankidetza saretan ere parte hartu zuen iaz, Gizateriaren Ondare den Ekain kobaren balioak "kanpora begira" hedatzeko helburuarekin; hala nola Paleolitoko Labar Artearen Bideen Kultur Ibilbide Europarrean (CARP) eta Ice Age europar sarean. Fundazioko arduradunek adierazi dutenez, nazioarteko lankidetza sarea dela eta nazioarteko zenbait ikerlari eta profesionalen bisita jaso zuten 2019an Ekainberrin. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide