Profesionalen pilota jaialdia izango da otsailaren 7an Zestoan

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 3a

Jakak eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute maila nagusiko partida. Promozio mailan, berriz, Salaberriak eta Garmendiak Alberdiren eta Salaverriren aurka jokatuko dute.

Eskualdeko hainbat herritan bezala, profesionalen pilota jaialdia antolatu dute Zestoan ere. Otsailaren 7an –ostirala– izango da, Zestoako Udal Pilotalekuan, Zestoako Udalak herriko pilota elkartearen laguntzaz antolatuta. 22:00etan hasiko da profesionalen arteko esku pilota jaialdia, eta promozio mailako eta maila nagusiko txapelketetako partidek osatuko dute kirol ekitaldia.
 
Promozio mailan, Salaberriak eta Garmendiak Alberdi azpeitiarraren eta Salaverriren aurka jokatuko dute. Maila nagusian, berriz, txapelketako sailkapeneko buru diren Jakak eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen aurka.
 
Sarrerak aldez aurretik 634 43 47 42 telefonora deituta eskura daitezke, eta datozen egunetan, Aspe enpresaren webgunean ere jarriko dituzte salgai. Sarrera arrunta 30 euro kostatuko da, 20 urtetik beherakoena 15 euro eta 15 urtetik beherakoena 5 euro. 20 eta 15 urtetik beherakoentzako 72 eserleku gelditzen dira eta sarrera arruntak, berriz, 210.
Pilotazaleek jaialdia eroso ikus dezaten eta negua dela kontuan hartuta, berogailua jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide