Manifestazio jendetsuarekin agurtu dituzte Zestoan U30eko greba orokorraren harira herrian antolatu dituzten mobilizazioak eta ekitaldiak. Langile, emakume, gazte eta pentsiodunen borroka bateratua aldarrikatu dute, lan, pentsio eta bizitza duinen alde.
Goizeko lehen mobilizazioen ondotik, arratsaldean udaletxe azpiko arkupearen bueltan elkartu da jendea. Lehendabizi, arratsalde erdian, Nosotras mujeres de Euskalduna dokumentala eman dute bertan. Iluntzearekin batera, berriz, txokolate beroa banatu dute greba batzordekoek arkupean, herritarrak plazara inguratzen ari ziren bitartean.
Indarrak hartuta, bertaratutakoek borobil zabala osatuta, Zestoako Greba Batzordeko kideek hartu dute hitza. Zestoarrek gaur emandako erantzuna eskertu dute, eta grebarekin bat egin duten hiru kolektiboren ordezkariei eman diete hitza: gazteei, emakumeei eta pentsiodunei. Ekitaldiko hitzartzeak bukatu bezain pronto hasi da U30eko azken mobilizazioa, kalez kale ibili den manifestazio jendetsua.
Hemen, arratsalde-iluntzeko argazkiak: