Zinegotzien diru esleipenak ordaintzeko eredua aldatu dute Zestoako Udalean

Nerea Uranga 2020ko urtarrilaren 29a

Zestoako udal antolaketari eta zinegotzien diru esleipenen ordainketaren inguruko hainbat erabaki hartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Horrez gain, Herri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakin dokumentua aho batez onartu zuten, eta orain bi hilabetez jendaurrean jarriko dute.

Udaleko ordezkari politikoekin eta alderdiekin lotutako hainbat kontu onartu zituzten Zestoako Udalean atzoko udalbatzarrean. Horrez gain, hainbat erabakiren berri ere eman zuen Mikel Arregi alkateak. Ez zen eztabaidarik sortu EH Bilduko eta EAJko udal ordezkarien artean; alderdi jeltzale ordezkariek, ordea, hainbat proposamenen kontra bozkatu zuten.

Atzoko udal osoko bilkuran udalean zinegotzien asistentzia eta esleipenen ordainketen eredua aldatzea onartu zuten, EH Bildukoen aldeko botoekin; EAJkoek, aldiz, kontrako botoa eman zuten. Eredua aldatzeko arrazoiak "udal kudeaketa erraztea eta ordenatzea" direla azaldu zuen Arregik. “Zestoako Udalean orain arte egon den ereduaren arabera, zinegotzien asignazio pertsonaletara bideratzen zen dirua —asignazio eta dieta kontzeptuetan— eta udal talde politikoei ez zitzaien bideratzen asignazio zuzenik. Eremu teknikotik adierazi zitzaigun, modu hori oso desordenatua zela, batzorde eta udalbatzar guztietako asistentziak kontrolatu behar zituztelako. Ondorioz, 2020ko udal aurrekontuak onartzeko prozesuan kontu hori mahai gaineratu eta eredu hori aldatzea proposatu genuen", azaldu zuen alkateak.

Hala, onartu berri duten ereduaren arabera, diru esleipenak udal talde politiko bakoitzari egingo dizkio udalak; talde bakoitzak daukan zinegotzi kopurua kontuan hartuta. Zestoaren antzeko tamainako beste udal batzuen kopuruak kontuan hartu dituzte, eta zinegotzi bakoitzeko hileko 100 euro esleituko dizkio dagokion udal taldeari udalak. Udalean liberatu gabe dauden zinegotzi batzordeburuen kasuan, berriz, lehengo kopurua uztea erabaki dute: hileko 165 euro. Eredua aldatuta diruz aurreko urteetako antzeko kopurua ateratzen dela jakinarazi zuen Arregik: "Kopuruz ez dago alde handirik eta udal kudeaketa doitu egingo du".

EAJko udal ordezkariek eredu aldaketaren kontrako botoa eman zuten, hala azaldu zuen beren ezezko botoa Garikoitz Mendizabal EAJren udal taldeko bozeramaileak: "Egia da kopuru aldetik ez duela suposatzen aldaketa handirik. Guk aurrekontuen negoziazioan talde politiko bakoitzari barne funtzionamendurako kopuru bat ezartzea proposatu genuen, baina hori ez duzue kontuan hartu".

Zinegotzi liberatuen soldatak egokituta

Alkatea lanaldi osora dago liberatuta eta EH Bilduko beste bi zinegotzi (Nerea Odriozola eta Aitor Salegi) lanaldi herenera. Orain arte bi zinegotzi horiek alkatearen soldata oinarria kontuan hartuta kobratzen zuten. Orain, ordea, EH Bilduren udal ordezkarien soldaten taularen arabera kobratuko dute bi zinegotzi horiek. “Urtearen hasieran hori guztia egokitzea tokatu da, eta egingo duguna izango da dedikazio herenean dauden bi zinegotzien soldatak jaitsi. Horrek Zestoako altxortegi publikoari mesede egingo dio", adierazi zuen alkateak.

EAJko zinegotziek ez zuten ezer esan aldaketa horren aurrean, baina kontrako botoa eman zuten.

Horrez gain, Euskara eta Hezkuntza batzordea aldatu egin dutela jakinarazi zuen Arregik. "Hemendik aurrera batzorde hori Euskara, Hezkuntza eta Komunikazioa batzordea izango da. Era berean, batzordeburua aldatu egingo da eta Nerea Odriozolak hartuko du ardura. Aitor Salegik batzorde horretako kide izaten jarraituko du, baita Gazteria, Kirolak eta Jaiak batzordeburu ere".

HAPO aurrerakin dokumentua, aho batez onartuta

Zestoako HAPO (Herri Antolamendurako Plan Orokorra) aurrerakin dokumentua ere bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean, eta aho batez onartu zuten. Orain, bi hilabeteko epean jendaurrean jarriko du udalak eta gero prozesuarekin aurrera jarraituko du. "Hau luze joango da, baina ea gai garen agintaldi honetan Plan Orokor berria osatzeko. Egun, herriko hainbat proiektu gauzatzeko garaian oso baldintzatuta dago udala, izan ere 1996ko arauak erabat agortuta daude", adierazi zuen Arregik.

Iraurgi Berritzenekin hitzarmena eguneratzea

Iraurgi Berritzen eta Zestoako Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren eguneratzearen berri ere eman zuen alkateak atzoko udal osoko bilkuran: "Zestoako Udala Iraurgi Berritzen garapen agentziako osoko kide izatera pasatu zen aurreko agintaldian. Gaur egun, ordea, Zestoako Udalak Azkoitiko Udalaren diru ekarpen berdina egiten du. Azkoitiko eta Azpeitiko alkateekin hitz egin ondoren, hitzarmena eguneratu egin dugu, eta horren arabera Zestoako Udalaren ekarpena erdira jaitsiko da 2021. eta 2022. urteetan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide