Zestoako Udalak bat egin du biharko greba orokorrarekin, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartuta

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 29a

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biharko deitutako greba orokorrarekin bat egin du Zestoako Udalak. Zestoako EH Bilduk grebari babesa adierazteko mozioa aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean, eta onartu egin zuten. Greba babesteko mozioa EH Bilduko udal ordezkari politikoen aldeko botoekin onartu zuten (6 boto); EAJko bost zinegotziek, aldiz, ezezko botoa eman zuten.

Lan, pentsio eta bizitza duinaren alde lanuztera deitu du biharko Eskubide Sozialen Kartak. Mobilizazio horrekin bat egin dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta eragile sozial ugarik. Zestoako EH Bilduk udalak grebari babesa adierazteko mozioa (behean osorik) aurkeztu zuen atzo udalbatzarrean. Era berean, udal langileei lanuztea egitea "erraztea" eta Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimenduarekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat egitea eskatuz. Onartu egin zen mozioa, EH Bilduko bost zinegotzien eta alkatearen aldeko botoekin.

EAJko udal ordezkariek koalizioak aurkeztutako mozioaren kontrako botoa eman zuten. Erantzun gisa, Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak idatzi bat irakurri zuen. "Grebarako eskubidea langileen interes eta eskubideen defentsarako ezinbesteko erreminta gisa ikusten dugu. Iruditzen zaigu, baina, erabaki horrek erabat indibiduala izan behar duela, eta inongo erakunde publikok ezin duela horrelako atxikimendurik adierazi", zioen idatziak (behean osorik), besteak beste.

Zestoako Greba Batzordeko kide batek ere hitza hartu zuen, eta biharko antolatutako mobilizazioen berri eman zuen. Era berean, Eskubide Sozialek Kartak deituta bihar eguerdian Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zituen herritarrak. Mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Artzain Onetik; Urola Kostako blokea, baina, 11:45ean abiatuko da Antiguotik.

Bihar, urtarrilak 30
- 08:00. Pikete informatiboak, Zestoako plazan elkartuta.
- 10:00. Hamaiketako kolektiboa, plazan.
- 16:30. Nosotras mujeres de Euskalduna ikus-entzunezkoaren emanaldia, herriko plazako arkupeetan.
- 18:00. Txokolatada, plazako arkupeetan.
- 18:30. Ekitaldia, plazan. Ondoren, manifestazioa plazatik irtenda.

 

- BI MOZIOAK OSORIK:

* EH Bilduren mozioa:

"Ebazpenaren izenburua: lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpen proposamena.

Zioa: Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte hartzaile baten bidez. Geroztik, eskubide horien aldeko ekintzak antolatu ditu.

Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan "planto" egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia gertatu da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko. Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa dela; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direla. Finean, bestelako eredu sozial eta produktiboa eraiki behar dugu, bizitza duinak erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko.

Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka zein jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).

Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat eginda, ondorengo ebazpen proposamena aurkezten dugu.

Ebazpen proposamena:

Horiek horrela, Zestoako Udalak:

1. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi dio.

2. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie erakundeko langileei.

3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimenduarekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik:

1. Madrilen osatu berri den Gobernuari eskatzen dio:

▪ 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsioen murrizketak indargabetzea.

▪ Zapateroren eta Rajoiren lan erreformak bertan behera uztea.

▪ Presazko izaeraz, Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitzea.

2. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:

▪ 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.

▪ Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiarazi ditzatela.

▪ Estatu mailako hitzarmenen gainetik, hitzarmen kolektiboen ultra aktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenesteko sustapen lana egin dezatela.

▪ Lan Ikuskaritzako giza baliabideak handitzea, Europako Batasunekoekin parekatu arte, eta lan istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea.

▪ Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea.

3. Erkidego eta lurraldeetako gobernuei eskatzen die:

▪ Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala eta pentsio arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.

▪ Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioetako iruzurra zigortzea.

▪ Soldata gutxitu gabe, asteko lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiaraztea.

▪ Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.

▪ Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.

▪ Kontratazioan, sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.

▪ Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.

4. Zestoako Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie".

* EAJren idatzia:

"Grebarako eskubidea langileen interes eta eskubideen defentsarako ezinbesteko erreminta gisa ikusten dugu. Iruditzen zaigu, baina, erabaki horrek erabat indibiduala izan behar duela, eta inongo erakunde publikok ezin duela horrelako atxikimendurik adierazi. Errespetatu bai, inongo zalantzarik gabe.

Hori esanda, azken urteetan ikusi dugu SMI (Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata) nola 655,5 eurotatik 900 eurotara igo den, Europak hala gomendatuta.

Gogoratu behar da ezarpen horien eskumena Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzaren Ministerioari dagokiola. Beraz, gaur-gaurkoz ez da Eusko Jaurlaritzaren eta Nafar Gobernuaren eskumena.

Beste gauza bat da errealitatea aldatzea, eta horretan ari da lanean EAJ.

Gure alderdiak sinesten du autogobernu gehiagorekin ongizate ekonomiko eta sozial hobea izango dugula. Horretarako dauka Gizarte Segurantzaren eskumena eskatuta Espainiako Gobernuari.

Eta, besteak beste, horretarako onartu du Pedro Sanchezen izendapena, Estatutuak berekin dakartzan eskumen guztiak guk izan ditzagun. Hera horretan, Gizarte Segurantzaren kudeaketa egokiarekin ahalbidetuko dugulako gure euskal gizartearen babes soziala eta ongizatea alor guztietan.

Amaitzeko, greba eskubidea ondo dago. Kontzientzia kolektiboa astintzeko balio izaten du eta errespetatzen dugu. Baina erakunde moduan eta alderdikide bezala ezezkoa ematen diogu EH Bilduk aurkeztutako mozioari".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide