Bete da Kobaz Koba Trail lasterketarako izen ematea

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 27a

Otsailaren 9an jokatuko dute Kobaz Koba lasterketa, Zestoan. Ibilbide luzean nahiz motzean 275 lagunek eman zezaketen izena, eta bi probetarako izen emateak bete dira dagoeneko.

Otsailaren 9an jokatuko dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketa Zestoan, eta dagoeneko bete dira proba luzeko nahiz motzeko izen emateak. Kirolprobak.com atarian egon da orain arte izena emateko aukera, eta bi probetan 275 pertsonak zuten izena emateko aukera. Ibilbide luzean 275 lagunek eman dute izena, eta motzean, berriz, 316 lagunek; 275etik aurrerakoak itxaron zerrendan daude.

Ibilbide motzak edo Artzei bidea izenez ezagutzen denak 15 kilometroko distantzia du, eta ibilbide luzeak edo Zaldei bidea izenekoak, berriz, 26 kilometrokoa. Historiaurreko haitzuloak lotzen dituen mendi lasterketa da Kobaz Koba Trail, eta azken urteetan arrakasta handia izan du. Hori horrela, antolatzaileek izen ematea betetzea espero zuten, eta azkenean, halaxe gertatu da.

“Herri bideetan barrena ondare natural eta historiko paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen duen" ibilbidea prestatu dute Kobaz Koba Trail lasterketaren antolatzaileek. Ohi bezala, Zestoako Udalak eta Agiro mendi klubak elkarlanean antolatu dute proba, Arazi enpresaren laguntzarekin. Lasterketa amaitzean, partaide guztiek oroigarri bana jasoko dute; gainera, sailkapeneko lehen hiru gizonentzako eta emakumeentzako sariak izango dira, baita lehen zestoarrentzat ere. Proba amaitzean, hamaiketakoa izango da korrikalari guztientzat.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide