Hiru eguneko festen ostean, azken txanpara iritsi dira Iraeta auzoko santainesak. Gaur, larunbata, jaien azken eguna dute auzotarrek, eta sabela ongi beteta agurtuko dituzte festak. Izan ere, azken urteetan bezala, pintxo lehiaketa egin dute Gure Ordeka elkartean, eta hara aurkeztu diren jakiekin bazkaria egin dute dozenaka lagunek. Ohi bezala, askotariko pintxoak eta jakiak eraman dituzte herritarrek, eta giro onean igaro dute otordua. Iluntzean, berriz, batukadak hartuko ditu auzoko txokoak, eta ondoren, garagardo afaria egingo dute frontoian. Iazko moduan, saltxitxak, txerri ukondoa, postea eta garagardoa izango dute dastagai, eta gauerdian Iratzar taldearen erromeriarekin amaituko dituzte festak.
Hilaren 18an hasi zituzten santainesak Iraetan, eta ordutik, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan dute herritarrek, hala nola umeentzako jolasez eta herri kirol saioez. Atzo ere izan zen zer gozaturik auzoan; izan ere, mus txapelketa jokatu zuten Bekoetxe merenderoan, 106 bikote aritu ziren lehian. Aurtengoan, Larrañagak eta Agirrek osatutako bikoteak jantzi du txapela.