Saharara bidaltzeko elikagaiak ari dira biltzen Wadnako kideak

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 25a

Zestoako Wadna elkarteak antolatuta, Sahararen aldeko janari bilketa egiten ari dira gaur, zapatua, hainbat txokotan. Esaterako, elkarteko kideak Azkoitiko Eroski saltokian dira herrialde horretara bidaltzeko elikagaiak jasotzen, eta dozenaka herritarrek adierazi dute hango herritarrenganako elkartasuna eguerdira bitartean. Besteak beste, arroza, pasta, lekaleak, kontserbak eta konpresak jasoko dituzte, 20:30era bitartean. Azkoitian ez ezik, Zestoan ere bildu dituzte elikagaiak goizean, udaletxe azpian egokitu duten postuan. Herri horretan, gainera, aste osoan zehar aritu dira janaria jasotzen, dendetan eta auzoetako eta herriguneko eskoletan.

Jasotako elikagaiak Sahararen aldeko XVI. Euskal Karabanarekin batera bidaliko dituzte herrialde horretara, datorren otsailean. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren Saharako errefuxiatuei laguntzeko egitasmoa da Euskal Karabana, eta Zestoako Wadna eta Zumaiako Daralhi elkarteek proiektuarekin bat egin dute beste urte batez. Sahararrek duten elikagai eskasia tarteko, haiei laguntzea da proiektuaren helburua.

Ikusi Azkoitiko janari bilketako argazkiak, hemen:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide