Rodeo musika taldeko gitarrista

Ortzi Alberdi: "Produkzioari ukitu klasikoagoa ematen ahalegindu gara"

Andoni Elduaien 2020ko urtarrilaren 23a

Rodeo Zestoako musika taldeak hirugarren diskoa kaleratuko du gaur, EP formatuan. 'Ezherrian' izena du lanak, eta iaz hasitako bideari eustea dute helburu musikariek.

Ortzi Alberdi Odriozola (Zestoa, 1996) Rodeo Zestoako musika taldeko kideetako bat da. Lau abestirekin eta sarrera kantu batekin osatu dute Ezherrian diskoa, eta gaur aurkeztuko du musika taldeak azken lana. Ostiralean eta zapatuan, gainera, aurkezpen kontzertuak eskainiko dituzte, Azpeitian eta Azkoitian. Alberdik azaldu duenez, "gogotsu" eta "ilusio bereziarekin" daude disko berria aurkezteko eta iaz hasitako bideari eusteko.

Ezherrian diskoa aurkeztuko duzue gaur. Zer dakar lan berriak?

Konposizioari dagokionez, musika aurreko diskoaren bide beretik doa. Produkzio prozesuan, soinuari garrantzia handia eman diogu. Eñaut Gaztañagarekin grabatu dugu diskoa. Lan digitala da oraingo hau ere, baina saiatu gara soinu naturalagoa ematen lanari. Produkzioari ukitu klasikoagoa edo ukitu analogikoagoa ematen ahalegindu gara. Alde horretatik aldaketa izango du diskoak.

Aurreko diskoen lerro beretik ondu al duzue lan berria?

Lerro beretik doa diskoa. Konposizio aldetik antzeko estiloa du, eta stone rockaren bariazio guztiak lantzen ditu. Estilo horretatik at ere aritu gara, ordea. Letrek ere betiko zentzua dute.

Zertan aldatu da taldearen ibilbidea lehen diskotik?

Lehen diskoa argitaratu genuenetik hona lortu dugu jendeak gu ezagutzea eta publikoaren gustukoa izatea. 2019. urtean kontzertuak emateko aukera gehiago izan genuela nabaritu dugu. Lehen diskoarekin edo haren aurretik, kontzertuak lotzeko lan gehiago egin behar izaten genuen. Iaz, behintzat, esfortzu gutxiago egin genuen kontzertuak ixteko. Badirudi jendeari gustatu zaiola egiten duguna, eta erraztasun handia da hori kontzertuak eskaintzerakoan.

Zeri egiten diozue kritika abestietan?

Lau abesti eta sarrera abestia ditu disko berriak. Ezherrian izenarekin zera azaldu nahi genuen: langile klase bezala leku guztietan arrotz garen sentsazioa dugula, eta gure bizitzaren gaineko kontrolik ez daukagula; ez gara gure etxeetan bizi, lur hau ez da gurea. Zentzu horretan sortu ditugu abestiak. Egunen batean lur hau gurea izango denaren sentsazioarekin goaz eta gurea ez den lur honetatik abiatuko gara. Horregatik jarri diogu Ezherrian izena diskoari. Gainera, diskoaren azken abestiak ere horrela du izena.

Iaz, 50 kontzertu baino gehiago eskaini zenituzten. Aurtengorako zein da asmoa?

Ari gara pixkanaka kontzertuak lotzen. Gure asmoa da 2020an ahal dugun kontzertu gehien ematea. Iazko bideari jarraipena eman nahi diogu. Izan ere, ez genuen nahi ibilbidea eten disko berri bat egiten hasteko. Azken finean, hori izan da arrazoia diskoa Extended Play (EP) bezala ateratzeko. Gainera, abesti batzuk erdi eginak genituen, eta horiek amaitu ditugu EPa argitaratzeko.

Bihar Azpeitiko Gaztetxean eta larunbatean Azkoitiko Elkargunean izango zarete.

Abesti berriak aurkeztuko ditugu asteburuan, eta ilusio bereziarekin gaude. Bihar Azpeitian izango gara 22:30 inguruan. EPa ekoizten hasi ginenean, segituan erabaki genuen Azpeitiko Gaztetxean aurkeztu behar genuela. Gogotsu gaude, batetik, gaztetxean lagun asko ditugulako eta han etxean bezala sentituko garelako; eta bestetik, Zestoako Ezpalak eta Polybius taldeetako kideekin batera arituko garelako, oso lagun hurbilak direlako. Kontzertu oso berezia izango da guretzat. Zapatuan, berriz, Azkoitiko Elkargunean izango gara 22:30etik aurrera, Egurra ta Kitto taldearekin batera.

Diskoko Herio abestia bideoklip bidez aurkeztu duzue.

Ez da esperientzia berria izan guretzat; bideoklip dezente grabatu ditugu lehen ere, eta taldearen hastapenetatik egin izan dugu hori. Oier Arregi zestoarrak lagundu digu orain ere bideoklipa sortzen. Saiatu gara zerbait desberdina egiten. Nahi edo ez, sare sozialekin aldatzen ari da kultura kontsumitzeko moldea, eta ikus-entzunezkoekin azkarrago iristen zaio musika jendeari.

Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratu duzue diskoa.

Aukera izan dugu Bonberenea Ekintzak zigiluaren bidez diskoa binilo formatuan ateratzeko. Orain arte gure kasara egin dugu guztia; hau da, gure erara aterako ez dugun lehen lana da. EP formatua oso egokia iruditzen zitzaigun biniloan argitaratzeko, eta Bonbereneako kideek luzatu ziguten proposamena. Fisikoki, biniloa eta CDa elkarrekin kaleratuko ditugu. Pentsatzen dut plataforma digitaletan ere zabalduko ditugula gure abestiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide