Azkenaldian Errota industriagunean eta Martinenea (Lorentxa) etxe inguruan antzeman dituzten hondakin isurketak direla-eta "kezka" agertu du Zestoako Udalak. Joan den astean Ingurumena eta Landa Garapena batzordean gaia landu ondoren, oharra plazaratu du udalak. Bertan, "hondakinak ibaira botatzea edota bide bazterretan uztea ingurumenaren aurkako delitua dela" gogorarazi eta "egoera zuzentzeko neurri zigortzaileak hartuko dituela" ohartarazi du udalak.
Eguzki talde ekologistako kideek ere parte hartu zuten aipatutako udal batzordearen bileran, eta "pozik" agertu da udalaren ohartarazpenarekin Eguzki. Errotako hondakin isuriak dokumentatu dituzte Eguzkikoek, eta nabarmendu dute nahita egindakoak direla: "Batzuen kontzientzia faltagatik, hondakinak lurrean uztenn direlako edo haize egunetan edukiontziak irauli egiten direlako, badira ibaian amaitzen duten hondakinak. Baina leku zehatz honetan, eta hondakinen bolumena ikusita, ezinezkoa da haizeak bultzatuta ibaian amaitu izana; barandak berak horrela izatea eragotziko zukeen".
Beheko argazkietan, Eguzkik Errota industriagunean ateratakoa da ezkerrekoa, eta Lorentxa ingurukoa, berriz, eskuinekoa.