Urra harri-jasotzen eta Vicente eta Mujika aizkoran, Iraetako herri kirol jaialdian nagusi

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 21a

Iraetako Santa Ines jaien barruan, herri kirol jaialdia izan zen igandean, pilotalekuan. Lehenik, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatu zuten Iker Vicentek eta Jesus Mari Mujikak Mikel Larrañagaren eta Jon Rekondoren aurka. Vicente eta Mujika nagusitu ziren aurrez aurrekoan; izan ere, hogei minutu eta 39 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta Larrañagak eta Rekondok, berriz, hogei minutu eta 55 segundo.

Ondoren, Errota Harria altxatzen aritu zen hainbat harri-jasotzaile. Hain zuzen ere, Xabier Peña (Aizarnazabal), Jagoba Otaegi (Aizarna), Mikel Lopetegi Urra (Zarautz), Inhar Urruzuno (Ondarroa, Bizkaia) eta Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) izan ziren Iraetan lehiatzen; Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia, Bizkaia) ere deialdian zen, baina ez zen izan Iraetan azkenean. Urra nagusitu zen harri-jasotze lehian; bigarren Peña sailkatu zen; hirugarren Telleria, laugarren Urruzuno eta bosgarren Otaegi.

Gaur jarraituko du festak Iraetan. Hona hemen egitaraua:

-Urtarrilak 21, asteartea: Santa Ines eguna.

11:00. Meza.

14:30. Gure Ordekako bazkideek bazkaria elkartean.

-Urtarrilak 24, ostirala.

22:30. Mus txapelketa Bekoetxe merenderoan. Izen ematea, 22:00etatik aurrera.

-Urtarrilak 25, larunbata.

13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.

14:00. Pintxo bazkaria Gure Ordeka elkartean.

20:00. Batukada Iraetako kaleetan zehar.

20:30. Garagardo afaria, Iraetako frontoian. Saltxitxak, txerri ukondoa, postrea eta garagardoa izango dira.

00:00. Erromeria Iratzar taldearekin.

Hona hemen herri kirol jaialdiko argazkiak:

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide