Etxebizitzaren auziaz kezkatuta, etxebizitza politikan aldaketak egiteko prest dago Zestoako Udala, eta dagoeneko hasi da horretarako lanean. Belaunaldi berriei beren bizi proiektua Zestoan eraikitzeko aukera eskaini nahi die udalak, eta horretarako baldintzak sortzea da erakundearen helburua. Horrenbestez, etxebizitza politikaren estrategia aldatu eta promozio publikoko etxebizitzak sustatzeko apustua egin nahi du. Horretarako, Zestoako Udala hainbat erakunderekin lanean ari da, tartean, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin. Dena den, neurri zehatzak hartu aurretik herritarrek etxebizitzen inguruan dituzten beharrak eta haien eskaerak ezagutzeko inkesta bat abiatuko du udalak. Gaur eman ditu inkestaren inguruko xehetasunak Zestoako alkate Mikel Arregik.
Etxebizitzaren inguruko inkesta egiteko ideia ez da hutsetik sortu, kezka bati erantzuteko baizik. Horrela azaldu du Arregik: "Zestoak duen kokapena tarteko –kostatik gertu eta Azpeitia edo Azkoitia bezalako herri handiagoak kilometro gutxitara– , belaunaldi berrietako gazteak ondoko herrietara bizitzera joateko arriskua dago, eta are gehiago etxebizitza politika egoki bat egiten ez bada". Hori dela eta, Zestoako gazteei herrian bizitzeko baldintzak eskaintzea helburu, etxebizitza politikan "estrategia aldaketa" egitea erabaki du udalak: "Orain arte, Zestoako etxebizitza politika promozio pribatuan oinarritutakoa izan da, baina bada garaia beste perspektiba batekin lanean hasteko. Horregatik, promozio publikoko etxebizitzak sustatzeko pausoa emango dugu".
Arregik azaldu duenez, baliabideak tarteko, Zestoako udalak bere kabuz promozio publikoko proiektuak aurrera ateratzea "ezinezkoa" da, ez baititu horrenbeste baliabide, baina posible da beste erakunde batzuekin elkarlanean arituz gero. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin harremanetan jarri da Zestoako Udala, eta aukera ezberdinak lantzen hasita daudela aurreratu du Arregik. Aukera horietako bat alokairu sozialeko parke publiko bat eraikitzea da.
Datu eta argazki zehatzak xede
Zestoako Udala Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan badago ere, aurrena herritarren iritziak, beharrak eta eskariak jaso nahi ditu. Hori dela eta, etxebizitzaren inguruko inkesta bat banatuko dute etxez etxe, datozen egunetan. Arregik esan duenez, udalak baditu Etxebidek helarazitako hainbat datu, eta horien arabera, alokairuaren eskaria handia da Zestoan. Alkatearen hitzetan, Etxebidek emandakoak "datu orokorrak" dira, eta udalak "datu zehatzagoak" jaso nahi ditu, modu horretan herriko egoeraren argazki orokorra ateratzeko. Hain zuzen, horretarako baliatuko dute inkesta.
Datorren astean irekiko dute galdetegia, eta otsailaren 10era arte erantzun ahalko da. Inkesta eskuz bete nahi dutenek Danbolin aldizkariarekin batera banatuko duten orria bete beharko dute, eta ondoren, udaletxera eraman. Galdetegia Internet bidez erantzuteko aukera ere izango da, zestoa.eus webgunean edo danbolin.eus-en. Etxe bakoitzean, familia unitateko kide batek bete beharko du galdetegia. Etxez etxe banatuko dituzten inkestak euskara hutsean idatzitakoak izango dira, baina egongo da galdetegia gaztelaniaz eskatzeko aukera ere.
Inkestako galderak erantzuteaz gain, iradokizunak egiteko aukera ere izango dute herritarrek.