Arroa Beheko Ezkaizto auzo elkarteak ipuin lehiaketa antolatu du bigarren urtez jarraian, eta zabalik dago lanak aurkezteko epea. Hiru taldetan banatu dute sariketa: LH1 eta 2 mailakoena, LH3 eta 4 mailakoena eta LH5 eta 6 mailakoena. Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta martxoaren 9an amaituko da. Arroa Beheko eskolara eraman beharko dituzte haurrek beren lanak.
Lehiaketaren oinarriei dagokionez, ipuinek originalak, aurrez argitaratu gabeak nahiz gainontzeko lehiaketetan saritu gabekoak izan beharko dute, eta gaia askea izango da. Lanen luzera, berriz, talde bakoitzarentzat desberdina izango da: LH1 eta 2 mailakoek orrialde bateko ipuina aurkeztu beharko dute, eta eskuz idatzi ahal izango dute; LH3 eta 4 urte arteko haurrek orrialde bat eta biren arteko ipuina idatzi beharko dute, ordenagailuz; LH 5 eta 6 urte arteko gaztetxoek, aldiz, lau orrialde arteko ipuinak aurkezteko aukera izango dute, ordenagailuz.
Ordenagailuz idazten dutenek, DIN A-4 orrietan idatzi beharko dute, eta horretarako, Arial 12 letra tipoa erabili. Ipuinarekin batera egileak gutun-azal itxi batean bere izen-abizenak adierazi beharko ditu, eta gutun-azalaren kanpokaldean ipuinaren izenburua eta parte hartzen duen maila adierazi beharko ditu.