Zoroperi eguna ari dira ospatzen gaur Zestoan, eta goiz-goizetik festa girorik ez da falta herrian. Urtero gisan, Zestoako plazan dozenatik gora postu jarri dituzte inguruko ekoizleek, eta jende ugari bertaratu da jakiak dastatzera, erostera eta giroaz gozatzera. Plaza nagusian ez ezik, Laranjadi plazan ere egon da zer erosi eta zer ikusi, artisauek beren postuak jarri baitituzte bertan. Horrez gain, Urolako XXII. Ezti Lehiaketaren harira, erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa eta eztiak dastatzeko aukera izan dute Zestoara bertaratu direnek, baita taloak dastatzeko aukera ere. Urtero bezala, trikiti doinuek hartu dituzte Zestoako kaleak Zoroperi egunean, eta haibat belaunalditako soinu-jotzaileek eta pandero-jotzaileek beren abileziak erakutsi dituzte eguerdi aldean.
Aurten, berrikuntza bezala, Bargaztak talde feministak antolatuta, matxismoaren kontrako ekintza egin dute dozenaka emakumek kale nagusian. Hain zuzen, begiak zapi beltzez estalita eta danborren doinuak lagun, Bortxatzaile bat zure bidean performancea egin dute zestoako emakumeek kale nagusian, eta herritar ugari bertaratu da haiek egindako performancea ikustera. xileko egoera gatazkatsuaren erdian emakumeen eskubideak urratzen ari direla eta, Un violador en tu camino performancea egin zuten hainbat eta hainbat emakumek herrialde horretan, eta mundu osoan hedatu da ekintza hori jasotzen duen bideoa. Indarkeria matxistaren aurkako testuak eta gorputz mugimenduak uztartzen ditu performanceak, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute testua, baita herrialde ugaritan interpretatu ere. Protesta horrekin bat egin nahi izan dute Zestoan ere.
Barazki, fruta eta ezti lehiaketa
Zoroperi eguneko 30. barazki lehiaketa Soraluzeko Ezozi Etxeberriak irabazi du, eta bigarren sailkatu da Bergarako Karmen Etxeberria. Fruta lehiaketari dagokionez, berriz, Jose Antonio Elosegi izan da nagusi, eta bigarren saria Errezilgo azokak jaso du. Errezil sagar onenaren saria Oñatiko Jose Antonio Elosegirentzat izan da, eta ondoen aurkeztitako postuaren saria, berriz, Ezozi Etxeberriak eskuratu du. Aramaioko Jose Lonbidek, aldiz, dieta berezien saria jaso du, nekazaritza ekologikoa sustatzeko egindako lanagatik.
Aurten 22. aldiz antolatu du Urolako Ezti Lehiaketa Gipuzkoako Erlezain Elkarteak. Zarauzko Patxi Esnalek irabazi du sariketa. Bigarren saria Endoiako Mikel Erkiagak eraman du eta hirugarren saria Victor Larrañaga azkoitiarrarentzat izan da.
XXI. Gazta Lehiaketa Aizarnako Arbe baserriak irabazi du, eta bigarren postuan sailkatu da Igartza baserria. Sagardo Lehiaketan, aldiz, Arroako Azketa Errota baserriak lortu du garaipena, eta bigarren eta hirugarren geratu dira Arroako Larratzabal eta Arroako Ibarrola baserriak, hurrenez hurren.
Goiza pasata, bazkaltzeko tartea hartu dute zenbaitek, eta beste urte batez, ez du hutsik egin Zestoako Gazte Asanbladak antolatutako babarrun janak. Dozenaka lagun animatu da Gaztetxera, babarrunak jan eta jai giroaz gozatzera. Behin sabelak beteta, arratsaldean eta gauean jarraituko du festak.
Hona hemen datozen orduetarako egitaraua:
– 14:00. Baba jana, Gaztetxean.
– 17:15. Denok kiroldegira kalejiran txarangak lagunduta.
– 17:30. Kirol jaialdia, kiroldegian, Zestoako Pilota Elkarteak antolatuta. Herritarren arteko pilota partidak eta herri kirol saioa, Arria V.a eta Zaldua Otaegiren eta Txapartegiren kontra.
– 18:00. Teleipuina, umeentzako txotxongilo ikuskizuna, Kultur Etxean.
– 19:30. Gabenara plaza taldea, udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
– 22:00. Gabenara plaza taldearen emanaldia.
Hona hemen Zoroperi eguneko argazki bilduma: