84 urteko gizonezko zumaiarra da Arroa Errekako bidegurutzearen inguruko istripuan hildakoa

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 20a

Bi ibilgailuk talka egin dute 18:30 aldera. Autoetako baten gidaria da hildakoa eta beste ibilgailuan zihoazen hiru emakume Donostia Ospitalera eraman dituzte, zaurituta, Trafiko Zuzendaritzak baieztatu duenez. Errepidea guztiz itxita egon da ia ordubetez. 19:20 aldera errei bat ireki dute eta txandaka pasoa ematen hasi dira trafikoari. Bidea garbitzeko eta trafikoa bere onera itzultzeko lanean jarraitzen zuten larrialdi zerbitzuek 20:30ean.

Auto istripu larria gertatu da 18:30 aldera Zestoan eta pertsona bat hil da bertan. Hildakoa 84 urteko gizonezko zumaiarra dela baieztatu du Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak. Arroa Behea eta Arroa Goia lotzen dituen errepide zatian gertatu da ezbeharra, Arroa Errekarako bidegurutzearen inguruan, GI-631 errepidean. Bi ibilgailuren arteko talka izan da eta auto gidarietako bat da hildakoa; beste ibilgailuan zihoazen hiru emakumek zauriak izan dituzte eta Donostia Ospitalera eraman dituzte.

Istripuaren ondorioz, errepidea guztiz itxita egon da ia ordubetez. 19:20 aldera errei bat ireki dute eta txandaka pasoa ematen hasi dira trafikoari. Bidea garbitzeko eta trafikoa bere onera itzultzeko lanean jarraitzen zuten larrialdi zerbitzuek 20:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide