5,6 milioi euroko aurrekontua izango du Zestoako Udalak 2020an

Anartz Izagirre 2019ko abenduaren 20a

Datorren urteko udal aurrekontuak onartu zituzten atzo, osteguna, Zestoako Udalean, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Guztira, 5.682.996 euroko aurrekontua izango du udalak 2020an; gastu soziala %3,7 igoko da 2019ko aurrekontuekin alderatuta, eta kultur gastua %4,6.

2020ko aurrekontuak onartu dituzte Zestoako Udalean. (Anartz Izagirre)

Zestoako Udalak 2020ko udal aurrekontuak onartu zituen atzo, osteguna, egin zuten udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Guztira, 5.682.996 euroko aurrekontua izango du udalak datorren urtean, 2019an baino 54.044 euro gutxiago. Mikel Arregi Zestoako alkateak udalbatzarrean adierazi zuenez, 2019ko aurrekontuetan "inbertsio handia" egin zen kiroldegia berritzeko lanak zirela medio, eta 2020ko aurrekontuekin ezin direla alderatu azaldu zuen. Halere, Arregik azpimarratu zuen 2020ko aurrekontuetan gastu sozialean %3,7ko hazkundea izango dela eta %4,6koa kultur gastuan, 2019koekin alderatuta. Horrez gain, Arregik nabamendu zuen herritarrek bozkatutako sei egitasmo sartu dituztela datorren urteko udal aurrekontuetan.

Arregiren azalpenen ostean, Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak hartu zuen hitza, eta EAJ aurrekontuen bozketan abstenitu egingo zela azaldu zuen. Hasteko, Mendizabalek Ogasun Batzordea eta udalbatzarra egun berean egin izana kritikatu zuen. Aurrekontuei dagokienez, berriz, "giro egokian" hainbat proposamen aurkeztu dutela azaldu zuen EAJren bozermaileak, eta Udal Gobernuak horietako proposamen batzuk aintzat hartzea "positiboa" dela. Halere, 2020. urtea "nola doan" eta udalaren proiektuek eta lanek nolako bilakaera duten ikusi nahi dutela azpimarratu zuen. Horrez gain, oposizioko buruak azaldu zuen Udal Gobernua "programarik gabe" eta "inprobisatzen" ikusten dutela, eta herritarrei "kea saldu" dietela. Amaitzeko, EAJren bozeramaileak nabarmendu zuen oposizio "zorrotza, arduratsua eta eraikitzailea" egiten jarraituko dutela, baina "lankidetzarako prest" egongo direla aurrera begira.

Mendizabali erantzunez, Arregik esan zuen Ogasun Batzordea eta udalbatzarra egun berean egitea "aurreikusita" zegoela aurretik, eta Ogasun Batzordearen aurretik proposamenak ixteko "nahikoa denbora" zegoela. Alkateak azaldu zuen EAJren proposamenei "banaka-banaka" erantzun dietela, eta horietako asko 2020ko aurrekontuetan sartu direla. Bestalde, Arregik azaldu zuen Udal Gobernu berriak sei hilabete daramatzala lanean, eta aurreko Udal Gobernuaren "herentzia jaso" duela; hori dela eta, nabarmendu zuen ez duela zentzurik Udal Gobernuari hainbat kontu "leporatzeak". Ildo beretik, alkateak adierazi zuen EAJk ez zuela abstentziora jotzeko arrazoirik, eta EAJri "estrategia politiko bat" jarraitu izana egotzi zion.

Arroa Beheko eskola

Aurrekontuez gain, Arroa Behean hutsik gelditu den eskola zaharreko eraikina izan zuten hizpide udalbatzarrean. Eskola berria irekitzearekin batera, eskolaren eraikin zaharreko lokalak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren esku gelditu ziren, eta lokal horiek bereganatzeko eskaera onartu zuten udalbatzarrean EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin.

2020ko aurrekontuak

Udalaren aurrekontu orokorra: 5.682.996 euro.

Kopuruak, sailez sail

  • Hirigintza saila: 669.991,42 euro.
  • Kultura saila: 457.745,55 euro.
  • Nekazaritza saila: 93.271,95 euro.
  • Ogasun saila: 2.131.549,62 euro.
  • Ongizate saila: 612.393,00 euro.
  • Zerbitzuen saila: 1.483.820,56 euro.
  • Ingurumen saila: 19.910,00 euro.
  • Kirol saila: 60.001,00 euro.
  • Gaztedi saila: 29.300,00 euro.
  • Merkataritza eta Turismo saila: 125.012,90 euro.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide