Matxismoaren aurkako ekintza, Zestoako zoroperietako berrikuntza

Ihintza Elustondo 2019ko abenduaren 20a

Zoroperi eguna ospatuko dute Zestoan, abenduaren 26an. 'Bortxatzaile bat zure bidean' performancea egingo dute hainbat emakumek festa egun horretan, Bargaztak taldeak deituta.

Zestoan ere hasi dira herritarrak baserritar jantziei hautsak kentzen. Izan ere, Zoroperi eguna ospatuko dute abenduaren 26an, ostegunean, Zestoan. Ohi bezala, askotariko postuak jarriko dituzte herriko plazan, eta egun osoan zehar gustu guztietarako ekitaldiak izango dira.

Aurtengoan, baina, ekintza berezi bat ere antolatu dute. Hain zuzen ere, matxismoaren aurkako Bortxatzaile bat zure bidean performancea egingo dute 13:00etan plazan, Bargaztak talde feministak deituta. Txileko egoera gatazkatsuaren erdian emakumeen eskubideak urratzen ari direla eta, Un violador en tu camino performancea egin zuten hainbat eta hainbat emakumek herrialde horretan, eta mundu osoan hedatu da ekintza hori jasotzen duen bideoa. Indarkeria matxistaren aurkako testuak eta gorputz mugimenduak uztartzen ditu performanceak, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute testua, baita herrialde ugaritan interpretatu ere. Protesta horrekin bat egin nahi izan dute Zestoan ere.

Aizpea Aristi da egitasmoaren antolatzaileetako bat, eta hark azaldu duenez, Txileko bideoak zer fama hartu zuen ikustean, Zestoan ere antzeko zerbait egin zezaketela pentsatu zuten. "Ekintza indartsua eta ona iruditu zitzaigun; oso bisuala eta deigarria da. Orain arte, elkarretaratzeak egin izan ditugu matxismoaren aurka, eta horrekin apurtuko zuen zerbait egitea nahi genuen".

Aldarriak lau haizetara zabaltzea da performancearen helburua: "Txileko emakume horiekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu. Txileko presidentearen kontrako protestekin bat egin nahi dugu, karabineroen eskutik gertatzen ari diren bortxaketak eta hilketak salatu nahi ditugu. Era berean, erreferentzia egin nahi diogu gure testuinguruan eta mundu guztian bizi dugun egoerari ere. Errua ez zen nirea, ez non nengoen, ez nola jantzia, dio une batean performanceko testuak. Ikusten duguna da emakume bat bortxatzen dutenean bera epaitzen dutela, leku konkretu batean eta modu jakin batean jantzita egoteagatik. Matxismoaren alderdi hori salatzeko ere aprobetxatu nahi dugu ekitaldia".

Ekintza Zoroperi egunean egitea ez da kasualitatea izan; izan ere, "ahalik eta jende gehienarengana" iritsi nahi dute Bargaztak taldeko kideek. "Festa giroa aprobetxatu nahi dugu herritarrengana heltzeko", dio Aristik.

Euskaraz egingo dute performancea, Baztango (Nafarroa) emakume talde batek egindako bertsioa baliatuta. Entsegu bat ere egingo dute: abenduaren 23an, astelehenean, jarri dute hitzordua, 19:00etan, kiroldegiko aterpean.

Hori bai, Aristik argitu duenez, egunean bertan ekintzan parte hartzera animatzen den edozein pertsona ongietorria izango da, nahiz eta entseguan ez parte hartu.

Performancean parte hartzera animatzen diren emakumeak plazan elkartuko dira, eta ondoren, Erdikalean kokatuko dira. Han egingo dute bost minutu inguru iraungo duen ekintza.

EGITARAUA:

Abenduak 26, osteguna. Zoroperi eguna.
- 09:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- Goizean, XXX. Barazki eta fruta lehiaketa, Urolako XXII. Ezti Lehiaketa nahiz XXI. Zestoako Gazta eta Sagardo Lehiaketa.
Erlezaintzari buruzko beste ekitaldiak: erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa; 12:30etik aurrera azalpenak emango dituzte. Erlauntzako produktuen dastaketa eta haurrentzako tailerrak. Zestoako eta kanpoko artisauak eta salmenta postuak, Zoroperi eguneko azokaren barruan.
- 11:00. Zestoako hainbat belaunalditako trikitilariak kalejiran ibiliko dira.
- 11:30-13:00. Photocall saioa Torilean. Baserritar jantzita joateko eskatu diete herritarrei antolatzaileek.
- 12:00. Zestoako trikitilariek emanaldia eskainiko dute, herriko plazan.
- 12:00. Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
- 12:45. Barazki, fruta, ezti, gazta eta sagardo lehiaketetako irabazleei sariak banatuko dizkiete.
- Jarraian, trikitilarien emanaldia.
- 13:00. Matxismoaren aurkako performancea egingo dute, plazan, Bargaztak talde feministak deituta.
- Ondoren, gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izango da, plazan.
- 14:00. Baba jana, Gaztetxean, Zestoako Gaztetxeak antolatuta.
- 17:15. Denok kiroldegira kalejira egingo dute herritarrek, txarangak lagunduta.
- 17:30. Kirol jaialdia, kiroldegian, Zestoako Pilota Elkarteak antolatuta. Herritarren arteko pilota partidak eta herri kirol saioa: Xabier Orbegozo Arria V.a eta Xabier Zaldua Jagoba Otaegiren eta Luis Txapartegiren kontra.
- 18:00. Teleipuina, umeentzako txotxongilo ikuskizuna, Kultur Etxean.
- 19:30. Gabenara plaza taldea, udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
- 22:00. Gabenara plaza taldearen emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide