Atzo banatu zituen Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren sariak, Gasteizen, eta aitortza horietako batzuk eskualdera ekarri zituzten erakundeek. Hain zuzen ere, Zestoako San Juan fundazioak Urrezko A Kudeaketa Aurreratuaren saria jaso zuen, eta Mikel Arregi Zestoako alkateak jaso zuen horren ziurtagiria. Urola Ikastola BHIk, Azkoitia BHIk eta Lizardi Institutuak, berriz, Kudeaketa Aurreratuaren diploma jaso zuen –han izan ziren ikastetxeetako hainbat irakasle eta ordezkari–, eta gainera, Zilarrezko A Kudeaketa Aurreratuaren saria jaso zuen Zumarragako Ospitaleak –Laura Agirre ospitaleko zuzendari azpeitiarrak jaso zuen aitortza–.
Eusko Jaurlaritzak banatzen dizkie diploma horiek kudeaketa aurreratuaren bidean lanean ari diren enpresei eta erakundeei, Euskalit bikaintasunerako euskal fundazioaren eskutik, eta atzokoan beste hainbat erakundek eta enpresak jaso zuten aitortza. Euskaliten helburua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde aurreratuenak identifikatzea, sare sozioekonomikoa kudeaketa aurreratua lehiakortasunaren "funtsezko elementu" gisa ezartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakundeen emaitzak hobetzeko. (Argazkiak: Urola Ikastola eta Euskalit)