Zestoako erdiguneko oinezko pasabideetako zenbait koxka kentzeko lanak egitea (6.225,21 euroko aurrekontua); Portale kaleko udal eraikinean kultur ekintzetarako gela eta ikasgela egokitzea (4.308,74 euro); Uztapide plazako umeen parkea partzialki berritzea (9.438 euro); Lizarraitz kalean, lurrazpiko pasabidean sartu baino lehen argiteria jartzea eta oinezko pasabidea berriz margotzea (5.539,02 euro); Aizarnako Kultur Etxeko bigarren solairuan berogailua jartzea (3.260,95 euro); eta Aizarnako plazako errepideko zuloak konpontzea (21.719,50 euro). Sei egitasmo horiek dira Zestoa Elkarrekin Eraikiz aurrekontu parte hartzaileen prozesutik atera eta Zestoako Udalak 2020ko aurrekontuen inbertsioen atalean aintzat hartuko dituenak.
Hastear den urteko udal aurrekontuaren 50.000 euro zertan inbertitu herritarren esku uztea zen aipatutako prozesuaren xedea. Azaroaren 20an egin zuten lehen saio irekian, proposamenak aurkeztu zituzten herritarrek; 36, guztira. Udaleko teknikariek proposamen horiek teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki aztertu ondoren, hamazazpi proiektu igaro ziren balorazio ekonomikoaren fasera; eta "berdinak edo antzekoak" diren proposamenak elkartu ostean, azkenean hamahiru proiekturen artean aukeratzeko abagunea izan zuten herenegun, prozesuaren bigarren eta azken saio irekian, Zestoako udaletxeko areto nagusian elkartu ziren herritarrek.
Arauak eta baldintzak
36 lagunek eman zuten botoa herenegungo saioan, aurrez azaldu zitzaizkien arau eta baldintza jakin batzuk kontuan hartuta. Horrela, besteak beste, aurkeztu zitzaizkien hamahiru proiektuetatik sei aukeratu behar zituzten boto emaileek, eta bozka paperetan beren izen-abizenak jarri behar zituzten. Aukeran zeuden proposamenak sei multzotan sailkatuta zeuden –Aizarna, hirigintza, orokorra, kultura, gurasoak eta Arroabea– eta boto zenbaketan multzo bakoitzeko bi proposamen bozkatuenak baino ezin ziren kontuan hartu. Era berean, boto berdinketen kasuan, proposamen garestiena kanpoan geldituko zen.
Arau eta jarraibide horiek kontuan hartuta egin ziren boto ematea zein zenbaketa, sarreran aipatutako sei proiektuen aukeraketara iritsi arte. Saioaren amaieran, parte hartzaile batzuek onartu zuten gaizki ulertu zituztela botoa eman aurreko azalpenak, nahasgarriak suertatu zitzaizkiela batzuk. Horrelakoak eta bestelakoak "zuzentzen" joango direla azaldu zuen Mikel Arregi alkateak sarrerako hitzartzean. Izan ere, aurtengoaren atzetik datozen urteetan ere antzeko dinamikak martxan jarriko dituztela berretsi zuen Arregik, eta "inoiz perfektua ez dela izango jakinda", lehen aurrekontu parte hartzaileek emandakotik eta egindako akatsetatik ondorioak ateratzeko eta etorkizunean prozedura fintzeko asmoa agertu zuen.
Herritarren nahien berri
Balorazio ekonomikoaren fasetik kanpo gelditu diren proposamenak hizpide izan zituen alkateak saioaren hasieran, eta proposamen horiek kanpoan uztearen arrazoiak aletu zituen. Kasu askotan, Zestoako Udalak 2020ko aurrekontuetan bertan edota agintaldi honetan zehar heltzeko asmoa duen proiektu zabalagoen barruan kokatzen dira aurrera egin ez duten eskaerak.
Hala ere, bilkuraren hasieran zein bukaeran azpimarrratu zuen Arregik "balorazio fasera pasatu ez arren, proposamen guztiak jaso eta kontuan hartuko" dituela udalak. Ildo beretik, "herritarrek dirua zertan inbertitu nahi duten jakitea oso interesgarria" dela esan zuen Irati Peñagarikano udaleko arkitekto teknikoak. Berak azaldu zituen, xehetuta, herritarrei aukeran jarritako hamahiru proiektuak. Peñagarikanok, Arregik bezala, nabarmendu zuen denbora tarte estua izan dutela teknikariek proiektu guztiak aztertzeko, baina aurkeztutakoak "aurrekontu errealak" zirela gaineratu zuen.
Zestoako 2020rako udal aurrekontuak gaur, osteguna, onartuko dituzte
Prozesu parte hartzailearen hasieran esan bezala, herenegungo saioan herritarrek aukeratutako sei proiektuak zuzenean sartuko ditu Zestoako Udalak 2020ko udal aurrekontuen inbertsioen atalean; guztira, 700.000 euro inguru bideratuko ditu inbertsioetara udalak datorren urtean.
Hain zuzen ere, gaur, abenduak 19, iluntzean egingo duten udalbatzarrean (20:00) aurkeztuko eta bozkatuko dute Udal Gobernuak prestatu duen 2020rako udal aurrekontuen proposamena.
Horixe izango da udalbatzarraren lan zerrendaren puntu nagusia. Aurrekontuen puntu berean bozkatuko dituzte udalaren lantalde organikoa, lanpostuen zerrenda, aurrekontuak gauzatzeko araua eta barne kontroleko araudia ere.
202orako ordenantza fiskalei aurkeztutako alegazioa ere jorratuko dute udal ordezkariek gaurko osoko bilkuran, Arroabeko eskolan hutsik geratu diren lokalen erabilerarako eskaerarekin batera.