Zabaldu dute Kobaz Koba Trail lasterketan izena emateko epea

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 17a

Otsailaren 9an jokatuko dute Zestoako mendi lasterketaren bosgarren edizioa. Ohi bezala, bi ibilbide izango dira aukeran: luzea eta motza. 'Kirolprobak.com' atarian egin behar da izen ematea.

Datorren urteko otsailaren 9an, igandez, jokatuko dute Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketaren bosgarren edizioa, eta dagoeneko zabaldu dute proba horretan izena emateko epea. Hain zuzen ere, kirolprobak.com atarian egin daiteke izen ematea. Ibilbide luzea egin nahi dutenek lotura honetan eman behar dute izena, eta ibilbide motza egin nahi dutenek, berriz, beste honetan. Ohi bezala, Zestoako Udalak eta Agiro mendi klubak elkarlanean antolatu dute lasterketa, Arazi enpresaren laguntzarekin.

Ibilbide motzak edo Artzei bidea izenez ezagutzen denak 15 kilometroko distantzia du, eta ibilbide luzeak edo Zaldei bidea izenekoak, berriz, 26 kilometrokoa. Historiaurreko haitzuloak lotzen dituen mendi lasterketa da Kobaz Koba Trail, eta azken urteetan arrakasta handia izan du. Hori horrela, izen ematea betetzea espero dute antolatzaileek; proba luzean 300 lagunek eman dezakete izena, eta laburrean, berriz, 250ek. Plaza guztiak betetzen badira, itxaron zerrenda zabalduko dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "ibilbide ederra eta berezia" prestatu dute, "herri bideetan barrena ondare natural eta historiko paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen duena". Maila guztietako korrikalariek parte har dezakete proban, eta lasterketa amaitzean, partaide guztiek oroigarri bana jasoko dute. Gainera, sailkapeneko lehen hiru gizonentzako eta emakumeentzako sariak izango dira, baita lehen zestoarrentzat ere. Proba amaitzean, hamaiketakoa izango da korrikalari guztientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide