Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako X. Paleta Txapelketari ekin diote gaur Zestoan. Adimen urritasuna duten 19 eta 40 urte bitarteko hamabost kirolari ari dira parte hartzen lehian: lau emakume eta 11 gizon. Horietako bat da Jurdan Arakistain zestoarra.
Zestoako kiroldegian jokatu dituzte gaurko neurketak, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. Parte hartzaileek hiru multzo ezberdinetan jokatu dituzte saioak. Aurreko denboraldian lortutako sailkapenaren arabera egin dituzte azpitaldeak. Multzo urdinean hiru kirolari aritu dira elkarren kontra; multzo zurian, bost kirolari, eta multzo gorrian zazpi kirolari. Partidetako tanto kopurua multzoaren araberakoa izan da: talde urdinekoek hamar tantotara jokatuko dituzte partidak, talde zurikoek zortzi tantotara eta talde gorrikoek sei tantotara.
Iaz, Jurdan Arakistainek jantzi zuen multzo urdineko txapela, eta aurten ere emaitza onak lortzen saiatuko da zestoarra. Hark ondo hasi du txapelketa; izan ere, 10 eta 7 irabazi du gaur jokatutako partida. Gainera, ez zaio ingurukoen babesik falta izan: pankarta jarri diote lagunek, eta txalo zaparrada handia jaso du neurketa osoan zehar. Bigarren jardunaldia otsailaren 8an jokatuko dute, Legazpin (Gipuzkoa).
Hona hemen gaur hartutako irudiak: