Azoka Plaza 2.0 egitasmoak jatorria Azpeitiko Azoka Plazaren eraberritzean du. "Azoka Plaza berritu zenetik, sasoiko eta eskualdeko barazkiak eta bestelako elikagaiak eskuratzeko plaza bilakatu da. Inguruko baserritarrek modu jasangarrian ekoiztutako garaiko eta kalitatezko elikagaiak eskaintzen dituzte bertan". Azpeitiko Azoka Plaza eta bertako filosofia abiapuntu hartuta, abiatu zuten Azoka Plaza 2.0 proiektua urtearen hasieran.
Herriko elikadura sistema lantzeko talde eragile bat sortu dute Azpeitiko Udalak, Urkomek (Urola Kostako landa garapeneko elkartea), Artxara kooperatibak (Elikagunea) eta EHUko Ekonomia eta Enpresa sailak. Elikadura katea osatzeko, ordea, bertako beste eragileekin ere elkarlana bultzatu dute. Era horretan, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako hamabost ekoizlerekin lantaldea osatu dute, askotariko elikagaiak eskaintzeko: barazkiak, fruta, esnekiak, elikagai elaboratuak, arrautzak eta ogia. "Baserriari lotutako proiektu ekonomikoak bultzatzeko, nekazaritza industriatik kanpo, laborantza iraunkorra bermatze duten oinarrietan oinarritzen gara", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. Tokiko ekoizpen txikiek baserritarren lan baldintza duinen aldeko apustua egiten dutela azpimarratu dute, era berean, landa eremu bizi bat sustatuz eta ingurumenarekiko oreka jasangarria bermatuz.
Emandako pausoak
Jangela kolektiboak hornitu ahal izateko, ekoizleek elkarlanean oinarritutako eskaintza kolektibo baten alde egin dute. Horretarako, lan egin dute ekoizpena planifikatzeko eta prezioak bateratzeko. "Era horretan osatu dugu erabiltzaileei eskaintzeko katalogo bateratua”, adierazi dute.
Proiektuarekin bat egin duten erabiltzaileen ordezkariek ere parte hartu dute gaur Azpeitian egin duten agerraldian. Horiek dira: Uztaro Haurreskola, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Iraurgi ikastetxea, Azpeitiko San Martin adinekoen egoitza eta Sanagustin kulturgunea.
Proiektuaren izaera pilotua da, eta aurrera begira elikaduraren ardura eta erabakitzeko aukera berriak ireki nahi dituzte. Horretarako, egitasmoko parte diren eragileen lankidetza eta zuzeneko harremana ezinbestekotzat dituzte. “Konfiantzazko harreman hori errazteko, horniketa unitatearen ardurak partekatu asmo dituen funtzionamendu protokoloa osatu dugu”, esan dute. Hala, ekoizleen elikagaiak Elikagunetik hornitzen dizkiete erabiltzaileei astean hiru aldiz: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. "Horrela, baserritarrek ekoiztutako elikagaiak zuzenean jangeletako eta jatetxeetako sukaldeetara eramateko aukera errazten zaigu: ekoizleen elkarlana bultzatuz, irabazi asmorik gabeko kudeaketa eginez, eskaerak eta banaketaz zentralizatuz, kudeaketa administratiboa sinplifikatuz eta elikagaien banaketa antolatuz".
Jangela kolektiboetako eskaerara egokitzeko ahaleginean ari dira Azoka Plaza 2.0 egitasmoko kideak gaur egun, "berrikuntza eta hobekuntza" oinarri dituztela. Esaterako, San Martin egoitzako esne erdi-gaingabetuaren eskaerari erantzuteko, Urraki ekoizleak esnea gaingabetu eta gurina elaboratzen hasteko asmoa du. Horrez gain, ogi artisaua jangeletara egokitzeko aurrerapausoak ematen ari direla ere nabarmendu dute.
Proiektuko kideak Elikuko Aitziber Aizpuru dietista-nutrizionistarekin ere elkarlanean ari dira. "Tokiko lehen sektoreak eskaintzen dizkigun sasoiko elikagaietara egokitutako menuak eskaintzea da gure xedea, eta adin desberdinetakoei osasungarri zaizkien menuak osatzea da asmoa, Aizpururekin elkarlanean".
Azoka Plaza 2.0 proiektuaren prozesu izaera guztia kontuan hartuta, "jangela kudeaketa eredu zuzenaren eta deszentralizatuaren" aldeko apustua egitea ezinbestekoa ikusten dute sustatzaileek, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta soziala bermatzeko.