Iraurgi Berritzenek Azkoitian egin ditu XVII. Topaketak

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 5a

Iraurgi Berritzenek atzo, asteazkena, XVII. Topaketak egin zituen Azkoitiko Elkargunean erakundea osatzen duten hiru udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, hainbat enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariekin. Azkoitiko topeketetan izan ziren, besteak beste, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko presidentea eta Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapena, Turismoa, Landa eta Ingurumen diputatua. Lasak bere balorazioa egin zuen egungo egoera nolakoa den azaltzeaz gain.

Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak ere topaketetan parte hartu zuten. Horiez gain, eskualdeko hogeitabi enpresak, eskualdeko bost ikastetxek, Lanbide Heziketak eta Lanbideko ordezkariek parte hartu zuten topaketetan. 

Ekitaldiak, bi atal

Ekitaldia bi atal nagusitan antolatu zuten. Lehen zatian, Iraurgi Berritzen Sareko Kudeaketa Kontseilua osatzen duten kideekin mahai-ingurua egin zuten, udal, enpresa, hezkuntza eta enplegu guneetako ordezkariek. Leire Goenaga (Azpeitiko Udala), Cruz Alberdi (Sidenor), Aitor Cordoba (Iraurgi Ikastetxea), Eduardo Sudupe (Izarraitz Lanbide Heziketa), Maria Jesus Etxaniz (Lanbide) eta Itziar Abarisketa Iraurgi Berritzeneko Enpresa eta Enplegu koordinatzailea aritu ziren solasean.

Mahai-inguruan, kudeaketa kontseiluaren eta elkarlan guneen berri eman zuten. 2019an zehar landu diren lan lerroak eta elkarlanean garatzen ari diren zenbait proiektu azaldu zituzten. Era berean, azpimarratu zuten eskualdearen erronkei aurre egiteko "ezinbestekoa" dela arlo sozioekonomikoan udal eta eremu desberdinen arteko lankidetza "ikuspegi amankomun batetik" garatzea eta orain arteko ibilbidearen "balorazio positiboa" egitea.

Ekitaldiaren bigarren zatian, Pilar Kaltzadak genero berdintasunaren ikuspegia aztertu zuen partehartzaileekin. Lantaldetan, genero berdintasunaren ikuspegiak eskualdearen garapenean duen eraginaz hausnartu eta eztabaidatu zuten. Hizpide izan zituzten, halaber, gizartean dauden hainbat "oztopo"; besteak beste, "aurreiritziak, baldintzak, egiturak eta genero arrakalak". Aurrera begira landu beharreko ekintzak zein izan beharko luketen ere landu zituzten partehartzaileek. Sensibilizazioa, praktika onen bisibilizazioa, prestakuntza, egitura eta baldintzak egokitzea aipatu zituzten besteren gainetik.

Topaketa ekitaldia Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen eta Mikel Arregi Zestoako alkatearen eskutik amaitu zen. Datorren urtean eskualdean genero berdintasunean eragiteko "konpromisoa" hartu zuten eragileek, horretarako "gune eta proiektu desberdinetan ekintza anitzak txertatuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide