Palestinari Elkartasuna Adierazteko Nazioarteko Eguna izan zen azaroaren 29a, joan den ostirala, eta Zestoako Udalak aldarrikapen egun horrekin bat egin zuen adierazpen bat kaleratuz. Izan ere, aurten hamar urte dira Zestoa Palestinako Bir Zeit herriarekin senidetu zela; 2009. urtetik daude bi udalerriak senidetuta. Ostiralean Palestinari elkartasuna adierazteko Altsasun (Nafarroa) egindako ekitaldian parte hartu zuen Mikel Arregi Zestoako alkateak.
Zestoaz gainera, Arbizu (Nafarroa) ere Palestinako herri batekin dago senidetuta; 2005. urtean senidetu zen Marda herriarekin. Joan den ostiraleko Altsasuko ekitaldian Arbizuko Patxi Razkin alkateak ere parte hartu zuen. Bi herrietako udal ordezkariek adierazpen bateratua egin zuten, Palestinako indar politiko eta sozialak sustatzen ari diren Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) dinamikari sostengua berretsiz eta Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresari Jerusalemgo legez kanpoko tranbiaren obren lanak uzteko eskatuz.
Zestoarekin eta Arbizurekin senidetuta dauden Palestinako Bir Zeiteko eta Mardako herritarrei "besarkada beroa" helaraziz eta elkartasuna azalduz hasi zuten adierazpena bi alkateek.
Urte hauetan guztietan Israelgo Estatua palestinar herriaren aurka ezartzen ari den "apartheidak okerrera" egin duela azaldu zuten bi herrietako ordezkariek adierazpenean: "Palestinako herriari egindako lurren lapurretak gero eta handiagoak eta etengabeak dira, israeldarren legez kanpoko kokaguneak hazten ari dira egunetik egunera, eta Israelgo Estatuaren inpunitateak ukitu gabe jarraitzen du".
"Egoera lazgarri" horren aurrean, Zestoako eta Arbizuko alkateek gogorarazi dute 2005. urtean Palestinako indar politiko eta sozialek nazioarteko komunitateari eskatu ziotela okupazioarekin aberasten diren Israelgo Estatua eta nazioarteko enpresak boikoteatu, desinbertitu eta zigortu (BDZ dinamika) ditzala, palestinarren giza eskubideak errespetatu arte. "Palestinako okupazioarekin amaitzea, eskubide berdintasuna ziurtatzea eta palestinar errefuxiatuen itzulera baimentzea", aldarrikatu zuten ostiralean Altsasun egindako ekitaldian, BDZ dinamikarekin bat eginez.
Eskaera CAF enpresari
Horrez gain, Beasaingo CAF enpresari eskari bat egin zioten Zestoako eta Arbizuko alkateek: Israelek Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako legez kanpoko hainbat kolonia lotzeko egin asmo duen tranbia eraikitzeko eskuratu duen kontratua bertan behera utz dezan eskatu zioten. "Nazioarteko legedia urratzen du legez kanpoko proiektu horrek. CAF enpresa pixka bat gehiago aberas dezake kontratu horrek, baina zalantzarik gabe, herri bezala pobretuko gaitu", adierazi zuten.
Palestina gogoan izan zuten Altsasuko ekitaldia giza katea eginez bukatu zuten.