Hiru bisita gidatu antolatu dituzte astebururako Azpeitian eta Zestoan

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 3a

Zestoako gune historikoa eta Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokia nahiz Madalenako baseliza bisitatzeko bisita gidatuak antolatu dituzte astebururako, Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruan.

Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruan hiru bisita gidatu antolatu dituzte astebururako; bi Azpeitian eta bat Zestoan. Asteburuko hiru bisitetan gidari lanak Vicente Davila historialari zestoarrak egingo ditu. Doakoa da parte hartzea, baina bisitetan parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago info@ignaziotarlurraldea.com helbide elektronikora idatzita edota telefono zenbaki hauetako batera deituta: 943-72 20 42, 943-79 64 63 eta 943-15 18 78.

Ostiralean, abenduaren 6an, Zestoako gune historikoa ezagutzeko bisita egingo dute. "Zestoako erdigunean ibilbide historikoan San Inazioren garaiko ondarea eta santuari buruzko erreferentzia zuzenak ezagutuko ditugu", azaldu dute bisitaren antolatzaileek. 12:00etan hasiko dute bisita Zestoako plazatik.

Larunbatean, berriz, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara egingo dute bisita gidatua. 12:00etan hasiko dute parrokiaren atarian. Bisita gidatu horretan Azpeitiko eliza nagusia ikusteko aukera izango dute bisitariek. Elizaren kanpoan Ventura Rodriguezen portikoa dago eta barruan San Inazioren bataio pontea. Horiez gain, XVI. mendeko hainbat erretaula eta Euskal Herriko harribitxi errenazentista garrantzitsuena den Bakardadeko kapera ikusiko dituzte bisitariek.

Iganderako, abenduaren 8rako, Madalenako ermitara eta ospitalera antolatu dute bisita gidatua. 12:00etan hasiko dute bisita Madalenako ermitaren aurretik. Kasu honetan, 1535 urteko Azpeitira bidaia historikoa egingo dute. "Garai hartan Loiolako Inaziok bere sorterrian egindako egonaldia ezagutzen lagunduko die bisita honek parte hartzaileei", adierazi dute antolatzaileek.

 

 
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide