Eskualdeko pilotariak Emakume Master Cup txapelketatik kanpo gelditu dira

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 25a

Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra Lehen Mailako txapelketatik kanpo gelditu dira. Naroa Agirre arroarrak, berriz, ez du pilota mistoarekin jokatutako lehiaren finalerdietara sailkatzerik lortu.

Lehen Mailako lau eta erdiko Emakume Master Cup Txapelketako lehen kanporaketa jokatu zuten atzo, igandea, Zamudion (Bizkaia). Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak pilota goxoarekin neurtu zituzten indarrak bertan, eta biak lehiatik kanpo gelditu ziren. Arrietak iazko txapeldun Patri Espinarren aurka jokatu zuen estreinako partida, eta Espinar erraz gailendu zitzaion azkoitiarrari, 18 eta 5. Orbegozok, berriz, Olatz Arrizabalaga iazko beste finalistaren aurka jokatu zuen neurketa, eta azpeitiarrak ere ezin izan zuen irabazi: 18 eta 15 galdu zuen partida. Beraz, biak lehiatik kanpo gelditu ziren.

Bestalde, lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan pilota mistoarekin jokatutako partidetan final-laurdenetara sailkatu zen Naroa Agirre arroarra. Agirrek Leire Garai gasteiztarraren aurka neurtu zituen indarrak Zamudion, eta hark ere ezin izan zuen finalerdietara sailkatu; izan ere, 18 eta 8 galdu zuen partida.

Gauzak horrela, eskualdeko pilotari guztiak txapelketatik kanpo gelditu dira aurtengoan. 

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide