Lehen Mailako lau eta erdiko Emakume Master Cup Txapelketaren hitzordu garrantzitsua izango da igandean, hilak 24, Zamudion (Bizkaia). Izan ere, egun horretan hasiko da gorengo mailako lehia, eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak pilota goxoarekin neurtuko dituzte indarrak bertan. Arrietak iazko txapeldun Patri Espinarren aurka jokatuko du estreinako partida, eta Orbegozok Olatz Arrizabalaga iazko beste finalistaren aurka.
Arrietak badu eskarmentua lehen mailako txapelketan, baina Orbegozok maila horretan debuta egingo du igandean. Iaz Promozio Mailako finala jokatu zuen Orbegozok, baina ez zuen lortu txapela janzterik. Igandeko norgehiagoka irabaziz gero, bi pilotariak finalerdietara igaroko dira, eta bestela, txapelketatik kanpo geldituko dira.
Bestalde, lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan pilota mistoarekin jokatutako partidetan final-laurdenetarako sailkatu da Naroa Agirre arroarra. Agirrek Leire Garai gasteiztarraren aurka neurtuko ditu indarrak igande arratsaldean, Zamudion. Maddi Unanue azpeitiarra ere maila horretan lehiatu da, baina ez du final-laurdenetara sailkatzerik lortu.
Eskualdeko beste hiru pilotarik ere parte hartu dute aurtengo lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan: Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek eta Izaro Zinkunegi errezildarrak, hain zuzen ere. Promozio mailan lehiatu dira hiru pilotari hauek, baina ez dute finalerdietara sailkatzerik lortu.