Irratian zaildutako kazetaria da Kepa Iribar (Getaria, 1975). Ia hogei urte daramatza Euskadi Irratian lanean, baina irailean ekin zion Iñaki Elorzaren ordez Katedra pilotaren inguruko irratsaioa aurkezteari. Irratsaioaz gain, gainera, zuzeneko emankizunak egiten ditu asteburuetan. Joan den igandean Lau eta Erdiko Txapelketaren finala ere hark aurkeztu zuen.
Lau eta erdiko finala zuzenean aurkeztu zenuen lehen aldiz igandean. Nolakoa izan zen?
Egun berezia izan zen, Iruñeko Labrit frontoia bera ere berezia baita, eta giro ederra sortu zen finalean. Partida ez zen hain biribila izan, Altunak ez baitzuen egunik onena izan eta Ezkurdiak ez baitzion barkatu. Gure kontaketa guk nahi bezala atera zen, eta frontoian zegoen giroa ikusita, zirraraz bizi genuen finala.
Iñaki Elorza Txapas-en ordez, Katedra saioa aurkezten hasi zinen irailean. Nola daramazu?
Oso gustura nabil Katedra irratsaioa aurkezten, egia esan. Aurretik ere Txapasek oporrak izaten zituenean aurkeztu izan nituen Katedra programako saio solte batzuk; beraz, banekien irratsaio horrek nola funtzionatzen zuen. Txapasek erretiroa hartu zuenean, Euskadi Irratiko zuzendaritzak programarekin jarraitzeko asmoa agertu zuen, eta Txetxu Urbieta kiroletako buruak programa aurkezteko prest al nengoen galdetu zidan. Proposamena onartu nuen eta irailean Katedra aurkezten hasi nintzen. Egia esan, Txapasek egiten zuen programatik ez dut gauza askorik aldatu.
Haren formatu berarekin jarraitzen duzu, beraz?
Bai. Katedra ordubete inguruko programa izaten da, eta normalean, gizonen esku pilotaren inguruan izan ohi da saioa, entzuleen artean horrek baitu jarraitzaile gehien. Hasteko, ordu erdi inguruko tertulia izaten da, eta irratsaioaren bigarren zatian afizionatuekin hitz egiten dugu. Nik tertuliaren atala mantendu dut, baina tertuliakideak aldatu egin ditut eta lehen baino kide gehiago sartu, aldaketa horrek programa aberastuko zuela uste bainuen. Julian Iparragirre pilotan aditua astelehenero izaten dugu saioan, eta gainerako zazpi tertuliakideak astelehenero aldatzen joaten dira. Afizionatuen kasuan, berriz, lehendik zeuden bi kolaboratzaileak mantendu ditut eta berri bat sartu dut, Emakume Pilotarien Elkarteko Maider Mendizabal, hain zuzen ere. Irratsaioan behar genuen emakume pilotariei eskainitako tarte jakin bat, eta horregatik deitu nion Mendizabali.
Txapasek lekukoa pasa aurretik, zerbait esan al zizun?
Azken 30 urtetan,Txapas erreferente handi bat izan da pilotan nahiz irratian. Hark pilotaren inguruan duen jakinduriaren laurdena ere ez dut gai horren inguruan, baina ikusi dut Txapasek lana nola egiten duen, eta beti pasio handiz egin izan duela iruditzen zait. Hark emandako gomendioa hori izango litzatekeela uste dut, egindakoa pasioz eta gogoz egitea.
Nolakoa da egiten duzu programa?
Pilotazaleentako irratsaio bat da. Ordubete osoz pilotaz bakarrik aritzen gara hizketan; horixe da saioaren muina, eta ez dago sekretu handirik. Gehien jarraitzen den modalitatea gizonezkoen eskupilota profesionala da, eta saioaren tarte handiena horri eskaintzen diogu. Iruditzen zait Katedra dela saio bat pilotaren inguruko iritziak patxadaz entzuteko. Ni pilota munduan ez naiz sekula barruan sartuta egon, eta orain pilotaz dakien jendeari entzunda asko ari naiz ikasten materialen, frontoien nahiz jokatzeko moduen inguruan. Asteburuko emankizunetan ez da egoten aukera handirik iritziak entzuteko, eta Katedrak ematen du horretarako aukera. Irratsaio hori urtetan ari dira ematen, eta iruditzen zait jendeak gustuko duela.
Lehenagotik Euskadi Irratian kirol esatari izan zara. Orain, pilotan zentratu zara. Aldaketa handia izan al da?
Egia da orain pilotan gehiago zentratzen naizela, baina ez dut hori bakarrik egingo; Katedra saiotik aparte beste hainbat gauza egingo dut. Asteburuko pilota emankizunak askotan nik emango ditudan arren, eta horri denbora eskaini beharko diodan arren, beste kirol batzuk ere jorratuko ditut une batzuetan. Gainera, nahiago dut horrela izatea, kirol bakarrean zentratzea ez baitzait gustatzen.
Oso kirol maitatua da pilota Euskal Herrian.
Bai, halaxe da. Azken finean, jendeak sentitzen du pilota geurea dela; jendeak betitik ikusi eta jarraitu izan du pilota. Izan ere, kirol honek badu zerbait berezia; gainera, komunikabideetan jarraipen handia egiten zaio. Asteburuetan ere emankizun asko egoten dira, eta etxe askotako ohitura izan ohi da telebista piztu eta pilota ikustea.
Esku pilotaz gain, beste hainbat modalitate daude pilotan. Horiek ba al dute lekurik saioan?
Saiatzen gara esku pilotaz gain beste modalitateei ere lekua egiten programan. Egia da irratsaioan lekurik gehien esku pilotari eskaintzen diogula, baina saiatzen gara, adibidez, erremonteari edo zesta puntari tartetxoa egiten ere. Modalitate horiek jarraitzaile gutxiago dituzte, ordea, eta pixkanaka-pixkanaka hiltzen ari dira. Orain dela aste batzuk, adibidez, Euskal Herriko Bote Luzearen Txapelketa jokatu zuten, eta hango txapeldun bat elkarrizketatu nuen; pilotari hura neuk ere ez nuen kasik ezagutzen, pentsa. Horrez gain, Hego Euskal Herriko esku pilotan zentratzen gara gehienbat, eta Ipar Euskal Herriko trinketea eta halako modalitateak apur bat urrun gelditzen zaizkigu. Badago lan bat egiteko, kasu gehiago egin behar zaie kirol horiei.
Esku pilota indartsu ikusten al duzu Euskal Herrian?
Esku pilota, alde batetik, osasuntsu ikusten dut. Telebistaz jendeak jarraitzen du, eta egunero egunkarietan orrialde bat izan ohi da esku pilotari buruz. Nik uste jendeak esku pilota jarraitzen duela,baina txapelketak daudenean; hau da, txapelketekiko interesa badu jendeak, baina jendea frontoira erakartzea kostatu egiten da. Beste alde batetik, ez dakit pilotaren oinarria zenbateraino den sendoa; esku pilota telebistatik desagertuko balitz, ez dakit gainerako diru-sarrerek zenbateraino emango liokeen pilotari. Komunikabideetan ikusgarritasun handia du pilota profesionalak, eta audientzia badu; momentuz, ez du amaituko den itxurarik, baina hori da duen oinarria. Frontoiek pena ematen dute, txapelketen finaletan-eta sekulako giroa egoten da, bai, baina jaialdi normaletara ez da jende asko joaten. Esango nuke txapelketetan moduan zerbait jokoan ez badago, kosta egiten dela jendea frontoietara erakartzea.
Erraza al da kantxan gertatzen ari dena entzuleei azaltzea?
Gozatu egiten dut entzuleei partidak kontatzean. Sekretua zera da; garbi izan behar duzu entzulea ez dela partida ikusten ari. Badago jendea telebistaren soinua kendu eta irratia pizten duena. Gaur egun, ordea, irratia bi pilotakada aurrerago joan ohi da, eta normalean partida entzuten ari dena ez da ikusten ari. Hori dela eta, entzuleari pilotarien jokoaz nahiz inguruan gertatzen ari dena ere kontatu egin behar izaten zaio, adibidez, pilotarien keinuak, pilotariek kantxan duten kokalekua etab. Garrantzitsua da entzuleak beraiek ere frontoi barruan sentiaraztea.