2020ko udal aurrekontuetako inbertsioetatik 50.000 euro zertan gastatu herritarrek erabakitzeko prozesua hasi du Zestoako Udalak. Atzo, asteazkena, egin zuten ariketa horretako lehen saioa: udalak herritarrei azaldu zien aurrekontuak zer diren eta nola osatzen diren eta herritarrek eta herriko eragileek aurkeztu zituzten idatziz beren proposamenak. Proposamenak aurkezteko saio irekian 30 herritar inguru bildu ziren; tartean, Guraso Elkarteko kideak, kultur eragileetako ordezkariak, Aizarnakoak, Arroakoak, Arroa Errekakoak eta norbanakoak.
Askotarikoak izan ziren herritarrek egindako proposamenak, besteak beste:
- Aizarnari lotutakoak: Kultur Etxean, Kontsejuan eta hirugarren solairuan berogailua jartzea; trasteleku baten beharra; auzokonpostak sortutako arazoei irtenbidea ematea; Aurrekoetxea parean, errepidean babesa jartzea; Kultur Etxerako ordenagailu bat, ikastaroetarako, auzo elkartearentzako eta gazteentzako; plazako petrilak txukuntzea; eta plazarako autoen bi sarreretan autoak makaltzeko neurriak hartzea.
- Zestoako Liburutegi azpiko lokala egokitzea: berritu eta erakusketa areto gisa erabili ahal izateko atontzea.
- Antzerki ikasketetarako areto baten beharra.
- Euskal Herria plazan eserleku batzuk ipintzea; plaza itxura ematea toki horri.
- Umeen parkea berritzea.
- Zinema areto bat edukitzea.
- Kultur agenda bat edota kultur ekitaldiak antolatzeko udalaren bultzada.
- Herriko kultur taldeek lanerako erabiltzeko toki bat izatea.
- Kaleak egokitzea gurpildun aulkientzat: Zubimusu, San Juan...
- Arroari lotutakoak: Arroako eskolan sukaldea eta sukaldaria jartzea, catering baten beharrik ez izateko; zaintza zerbitzuaren kudeaketako gainkostuetan laguntzea; Arroabeko parkeak egokitzea.
- Argindarra eguzki plakekin hornitzea eta argiztapen adimentsua erabiltzea.
- Bertako ekoizleen produktuak sustatzea, Kilometro Zero filosofian oinarrituta.
- Emakumeen Txokoa egokitzea.
- Gurasoak elkartzeko toki bat egokitzea, "elkarbizitza sustatzeko".
- Izarraitz kaleko argi falta konpontzea.
- Skate pista bat egokitzea gazteentzat: Idiazpi bukaera aldean, karabanen aparkalekuaren bidexkaren ondoan.
- Iraetako futbol zelaira garraio zerbitzua jartzea Zestoatik.
- Jubilatuen eta pentsiodunen etxea martxan jartzea.
- Lau Iturritik bainuetxerako bidea hobetzea.
- Kiroldegiko aterpea handitzea eta "goxatzea", bertan erosoago egoteko eta gauza desberdinak antolatzeko modua izateko.
- Herriko areto desberdinen azterketa egitea, herriko eragileek "baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko".
- Zubiarre futbol zelaia zegoen ingurune horri erabilpena ematea, "aisialdirako-eta toki oso egokia izan daitekeelako".
"Ariketa demokratikoa"
Prozesuko lehen saioaren sarrera Mikel Arregi Zestoako alkateak egin zuen: "Herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoa udala izanda eta erakunde publikoetan hartzen den erabaki garrantzitsuena aurrekontuena izanik, ariketa demokratiko hau egitea erabaki dugu. Denon dirua zertan eta nola gastatu azaltzea eta erabakitzea erakunde publikoen zor bat dela uste dugulako".
2020ko udal aurrekontuak urtea bukatzerako –gauzak ondo bidean, abenduaren 19ko udalbatzarrean– onartu nahi ditu udalak, eta aurrekontu parte hartzaileen prozesua antolatzeko "denbora falta" nabarmendu du alkateak. "Denboraz nahiko justu ibiliko gara, baina aurrera egitea erabaki dugu. Oraingo honetan, prozesuak hamaika akats izango ditu, baina datozen urteetan ariketa hau hobetzea eta garaiz egitea da gure asmoa".
Udalaren diru sarrera garrantzitsuena Foru Funtsetik etorritakoa izaten dela nabarmendu zuen Arregik, eta diru hori udalerri bakoitzak daukan biztanle kopuruaren araberakoa izaten dela. Zestoako udalerriak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, "herri oso garestia" dela azpimarratu zuen. Hori azaltzeko hainbat datu aipatu zituen: "Gipuzkoako 88 udalerrien biztanle kopurua kontuan hartuta, Zestoa 37. herria da; azaleraz, ordea, 11.a. Horrek esan nahi du Zestoa Irun edota Errenteria baino azalera handiagoko herria dela. 43 kilometro koadro ditu Zestoak, eta Zumaiak 11 kilometro koadro. Zolatutako bideen 54 kilometro dauzka Zestoak, eta habitatutako 200 baserri inguru. Baserrietan jendea bizi da; askotan, baserriko jardueratik bizi dira horiek. Bide horietakoren bat hondatzen bada, baserri horietan bizi den jendea inkomunikatuta gelditzeko arriskua dago, eta horiek dira lehentasun larrienak. Herri garestia zentzu horretan gara. Horrek guztiak exijitzen digu udal kudeaketan ahalik eta finenak izatea".
Udal aurrekontuak, xehetuta
Zestoako Udalak herritarrekin abiatu duen aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren helburuetako bat herritarrei udal aurrekontuak zer eta nola osatzen diren azaltzea ere bada. Horretarako, Ander Cestona Zestoako Udaleko kontu hartzaileak aurrekontuek legez sarreretan eta irteeretan dituzten kapituluak azaldu zituen jendaurrean. "Aurrekontuak aurreko urtea bukatzerako onartzea ez da asmo hutsa bakarrik, berez legeak esaten duena betetzea da", haren arabera. Datorren urterako udal aurrekontu proposamena adibidetzat hartuta, atalez atal azaldu zuen. "Aurrekontuak osatzen hasteko, zuzenena da zer sarrera aurreikusten ditugun kontuan hartzea, eta gero, horrekin zer gastu egin ditzakegun zehaztea. Gastu asko erakundearen funtzionamenduari lotutakoak izaten dira". Lantzen ari diren 2020ko udal aurrekontuaren hasierako proposamena 5.652.000 eurokoa da. "Baliteke Gabonak bitartean aldaketaren bat izatea, baina hor inguruan ibiliko da".
Inbertsioetarako 700.000 euro inguru aurreikusteko asmoa du Zestoako Udalak. Horietatik 50.000 euro zertarako erabili zestoarrek erabakiko dute. Dena den, gainontzekoa zertarako erabiltzea aurreikusi duten ere azaldu zuen jendaurrean erakundeak, tartean epe luzerako egitasmoak ere badirela zehaztuz: lur eraikigarri pribatuak erostea, esaterako. "Gero, etxebizitzak kontrol publikotik egiteko", azaldu du alkateak.
Mikel Arregi alkatea 2020ko udal inbertsioetarako aurreikusita dituzten asmoak azaltzen, atzo, aurrekontu parte hartzaileen saio irekian. (Nerea Uranga)Proposamenen bilketa
Aurrekontuen nondik norakoak jakin ondoren, herritarren proposamenak jaso zituzten. Siadecoko Juanjo Allurrek aurrekontu parte hartzaileen prozesua gardentasun ariketa "oso garrantzitsua" dela azaldu zuen: "Herritarren lehentasunak kontuan hartu eta erantzuna emateko aukera bat da. Besteak beste, balio du herritarrak udalaren tokian jarri eta, interes partikularren gainetik, herri onurakoak diren proposamenak eta ekintzak proposatzeko. Ariketa hori egitea ere eskatzen zaio herritarrari".
Prozesuaren arauak azaldu ondoren, herritarren proposamenak jaso zituzten idatziz. Saio irekira joan ziren herritarrak seiko taldeetan bildu eta horiek proposamen bakoitza fitxa batean idatzi zuten. Jarraian, udaletxeko aretoan bildutako herritarren aurrean azaldu zituzten proposamen denak.
Prozesuko hurrengo saioa abenduaren 18an izango da. Ordurako, udaleko teknikariek bildutako proposamenak aztertuko dituzte teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki. Gainera, horiek inbertsio bezala aurreikusteko modukoak al diren zehaztuko dute. Ondoren, abenduko saio irekian, azterketa teknikoaren emaitzak azalduta, 50.000 euro horiek zertara bideratu erabakiko dute herritarrek boto bidez. Bilera hori loteslea izango da, eta Udal Gobernuak erabakitakoa exekutatzeko konpromisoa izango du, baita gardentasunez jokatzekoa ere: "Inbertsio horren nondik norakoaren gaineko informazioa eman beharko du udalak".
Herritar bakoitzak nahi adina proposamen egiteko aukera izan zuen atzokoan. Abenduko bileran, ordea, mugak izango dituzte; hau da, herritar bakoitzak egin dituen proposamen guztietatik baten aldeko boza emateko aukera izango du.