260 zestoarrek egin dute dagoeneko kiroldegi berrirako bazkidetza

Mailo Oiarzabal 2019ko azaroaren 20a

Zestoako Udala "gustura" dago instalazio berriak izaten ari diren harrerarekin. Kiroldegiaren eta kirol zerbitzuen kudeaketa Kirol Mahai berriaren bidez antolatu nahi ditu udalak.

Bi aste pasatxo joan dira Zestoako kiroldegi berrituak ateak ireki zituenetik. Hilaren 4tik erabilgarri dituzte zestoarrek udal kirol instalazio berriak, eta lehen egunetako mugimendua ikusita, kiroldegiaren berrirekierak harrera ona izan du.

Horrela diote datuek. Kiroldegiko instalazioak eta zerbitzuak erabili ahal izateko, derrigorrezkoa da bazkide izatea. Urriko azken egunetan ireki zuten bazkidetza kanpaina, eta bi aste pasatxoren buruan, 260 herritar egin dira bazkide. "Alde horretatik gustura gaude", adierazi du Mikel Arregi alkateak. "Berrikuntzek beti erakartzen dute jendea, baina egia da herritar askok eman dutela dagoeneko bazkide izateko izena. Kiroldegi zaharraren kopuruekin alderatuta, jende gehiago dabil kiroldegi berrituak ateak ireki zituenetik", gaineratu du.

Lehen egunetako balorazioan sakonduz, funtzionamenduari dagokionez ere "ondo hasi" direla deritzo alkateak, "erabiltzen hasitakoan antzematen diren gabeziak" eta obra beraren bukaerak eragindako eragozpenak aurkitu dituzten arren. "Arazotxoren batzuk topatu ditugu, oraindik bukatu gabeko gauza batzuk, gehiago findu beharrekoak, baina ea pixkana-pixkana horiek konpontzen joaten garen. Orokorrean, behintzat, ondo hasi gara", dio.

Erabiltzaileak oro har "nahiko gustura" sumatu dituzte udal ordezkariek. "Igerilekua falta dela, noski, hori da beti falta zaiguna", bota du umoretsu Arregik, Zestoan Azpeitiko edo Zumaiako kirol instalazioekin lehiatzeko moduan ez daudela adierazteko. "Baina hutsune hori kenduta, oso instalazio modernoak dira", aitortu du, "Zestoarako erakin handiegia" dela uste duen arren. Aurreko agintaldiko proiektua da kiroldegiarena, eta egun Udal Gobernuan dagoen EH Bildu beti azaldu da kritiko kiroldegia berritzerakoan hartutako hainbat erabakirekin. "Baina kontua da eginda dagoela eta ahalik eta etekin onena ateratzea tokatzen dela, eragileekin, herritarrekin eta erabiltzaileekin elkarlanean, herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena eskaintzeko helburuarekin", azaldu du alkateak.

Erabakiak, Kirol Mahaian

Egunotan bazkide egiten ari direnak 2020an hasiko dira dagozkien bazkide kuotak ordaintzen. Urte berriarekin hasiko dira hartzen, halaber, kiroldegiaren eskaintzarekin eta zerbitzuekin lotutako hainbat erabaki ere, eta erabaki horiek Kirol Mahaian hartuko direla aurreratu du Arregik: "Irailean jarri genuen martxan Kirol Mahaia, eta urtarrilean dugu bigarren bilera egiteko asmoa. Kiroldegiaren kudeaketa eta kirol zerbitzu guztiak Kirol Mahaitik bideratzea da dugun asmoa, hor gaudelako udala, kirol sailak, erabiltzaileak eta guraso elkartea".

Hartu beharreko erabakien artean egongo da zer-nolako ikastaroak eskainiko dituzten kiroldegian. Momentuz, ikastaro birtualak dituzte eskura kiroldegiko erabiltzaileek, pantaila bidezkoak. "Batzuk besteak baino errazago ohitzen ari badira ere, oro har jendea nahiko gustura" ikusten du alkateak.

Ohiko ikastaroak antolatzeko, aurrez "zer eskasi dagoen ikusi" beharko dutela dio. "Aurrerantzean, ikus beharko da zenbat jende dagoen prest ikastaro jakin bat egiteko. Urte berriarekin hasiko ginake hori ikusten, eta eskaria badago, ikastaroak antolatzen". Zerbitzuak lehiaketara atera ezkero, herritarrek ere izango dute aurkezteko modua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide