2020ko udal aurrekontuen 50.000 euro zertan inbertitu zestoarrek erabakiko dute

Nerea Uranga 2019ko azaroaren 14a

Zestoako Udalak aurrekontuak onartzeko hainbat aldaketa egingo du. Hau da, urtea hasterako onartu nahi ditu udal kontuak eta inbertsioetarako aurreikusitako 50.000 euro zertan erabili herritarrek erabakiko dute. Horretarako, parte hartze prozesua abiatuko du; datorren asteazkenean, saio ireki bat egingo dute herritarren proposamenak jasotzeko.

2020ko udal aurrekontuak onartzeko hainbat aldaketa egingo du Zestoako Udalak. Alde batetik, ahalbidetuko du urtea hasi aurretik aurrekontuak onartuta izatea, eta beste aldetik, herritarrek erabakiko dute datorren urteko udal aurrekontuetako inbertsioetatik 50.000 euro zertarako erabili. Herritarren proposamenak jaso eta erabakitzeko parte hartze prozesu bat hasiko du udalak datorren asteazkenean.

Udala joan zen uztailaren 4an osatu zela gogorarazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak, eta datorren urteko udal kontuak osatzen hasi aurretik, lau hilabeteotan zer egina izan dutela: "Azkenean, gauza txiki asko pilatuta genituen, eta horiek aurrera ateratzen jardun dugu; besteak beste, kiroldegia ireki eta martxan jartzea izan da egitekoetako bat. Udaletxe batean gauza asko erabakitzen dira, baina udal baten erabaki garrantzitsuena urte osoko dirua zertan gastatu behar den erabakitzea da. Zestoan aldaketak egingo ditugu. Urteetan, urte bertako aurrekontuak udaberri aldera erabaki izan dira; logikoena, ordea, urtea hasi aurretik aurrekontuak onartzea da. Era horretan, urtarrilean bertan hasi gintezke aurrekontuak exekutatzen. Gainera, herriko eragileek ez daukate zertan egon urtea hasi eta udaberrira arte zenbateko laguntza izango duten jakiteko zain". 2020ko udal aurrekontuak abenduaren 19an egingo duten udalbatzarrean onartzeko asmoa dute, "gauzak ondo bidean".

Udalak egindako "estimazioen" eta zirriborroaren arabera, 6 milioi euro inguruko aurrekontua izango du erakundeak datorren urtean. Inbertsioetan, "ezinbestean", azpiegituretarako eta gizarte beharretarako aurreikusiko dute partida handiena. "Aipatu behar da egoera sozioekomikoaz krisi aurreko langabezi tasetan gaudela. Datuak kontuan hartuta, langabezia tasa EAEn 9,2koa da, Gipuzkoan 8,8koa eta Zestoan 7,1ekoa. Baina lanaren kalitatea ere kontuan eduki behar da, eta leku askotan ez da egokiena. Gauza bat da langabezia tasa, baina enpleguaren kalitateari ere begiratu behar diogu. Udal honek dituen muga eta hutsune guztiekin, pentsatzen dugu gizarte behar horietara ere bideratu behar dugula dirua; besteak beste, entzuten ari garelako beste krisiren bat ote datorkigun etorkizun hurbilean".

Luzeagorako lanean

2020ko aurrekontuak lantzen ari den honetan, "luzerako ikuspegiarekin" jokatzeko asmoa du udalak; 2020-2030 bitarteko Plan Estrategikoa osatzeko asmoa dutela nabarmendu du alkateak. "Besteak beste, etxebizitza politikaz ari naiz. Herrian badaude lur eraikigarriak, eta gure apustua izango da, gauzak ondo aztertu eta lur publikoaren aldeko apustua egitea. Hau da lurrak jabetza publikora pasatzea etxebizitzak kontrol publikotik egiteko". Hori kontuan hartuta, eta epe luzera begira, diru partida aurreikusiko dute lur eraikigarri pribatuak erosteko. Ondoren, beste erakunde publikoekin hitzarmenak adostu eta lur horietan babes ofizialeko etxeak egiteko. "Era horretan, herriko gazteek aukera izan dezaten beren bizitza proiektua Zestoan egin ahal izateko", gaineratu du alkateak.

Azaroaren 20an, herritarrekin saio irekia

2020ko aurrekontuak osatzeko bidean, herriko eragileekin eta auzo batzordeekin elkartu direla azaldu du Arregik. Baina prozesua parte hartzailea izateko bidean, "harago joan" nahi izan dute: "Inbertsioetarako diru kopurutik zati bat herritarrek erabakiko dute; 50.000 euro, hain zuzen ere". Diru kopuru hori non edota zertan inbertitu erabakitzeko prozesua abiatuko dute datorren astean. Hala, asteazkenean, azaroaren 20an, herritarrekin batzar ireki bat egingo dute, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Herritar guztientzat irekia izango da, eta bertan aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak. Nerea Odriozola zinegotziak zehaztu duenez, asteazkeneko saio hori izango da herritarrek proposamenak egiteko aukera bakarra: "Beraz, garrantzitsua da herritarrak saio horretara joatea proposamenak egin nahi badituzte. Herritar bakoitzak nahi adina proposamen egiteko aukera izango du saioan". Batzar horretan, udal ordezkariek aurrekontuen nondik norakoak, asmoak eta prozesu parte hartzailea bera ere azalduko dituzte. Alkateak prozesuaren beraren garrantzia nabarmendu du: "Ariketa hau egitea nahi dugu, iruditzen zaigulako udal politikak herritarren parte hartzean oinarrituta egon behar duela, denon dirua delako bertan kudeatzen dena, eta gauza hauek elkarrekin erabakitzea eta adostea onuragarria nahiz aberatsa delako herriarentzako".

Herritarren proposamen guztiak jaso ondoren, bozketa bidez erabakiko dute herritarrek inbertsioetako 50.000 euroko partida zertan gastatu. Erabaki hori hartzeko, abenduan beste saio ireki bat egingo dute.

Aurrekontu parte hartzaileen prozesuko lehen saio irekia datorren asteazkenerako deitu du udalak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide